Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzako lehendakariak aste honetan segituko du eragileekin biltzen, ETAk borroka armatua betiko bukatu duela-eta egoera berria aztertzen. Ostegunean egingo ditu hurrengo bilerak, gaur Lehendakaritzak jakinarazi duenez: LABekin eta BAK Bakearen Aldeko Koordinakundearekin batuko da, bakoitzarekin aparte.
Gaur zortzi, berriz, Terrorismoaren Biktimen Kontseilua hartuko du. Covitek, Zaituk eta ACFSEVT Espainiako Terrorismoaren Biktimen eta Segurtasun Indarren elkarteak osatzen dute kontseilua.
Itziar Aizpuru BAK-eko eledunak adierazi du Lopezi garai hauetan ere "batasuna eta adostasuna" izan behar direla esango diotela. Haren arabera, ezker abertzaleak aitortu beharra du ETAk "egindako mina" ez dela "justua" izan; "orduan Justiziak eskuzabala izan beharko du". Aizpuruk dio BAK, lehen bezala, euskal presoak gerturatzearen alde dagoela.
Lehengo astelehenean ekin zion Lopezek batzarrei, eta orain arte EAJ, PP, Aralar, EB, ezker abertzalea-EA-Alternatiba, UPD eta PSE-EE alderdiekin, Carlos Garaikoetxea, Jose Antonio Ardanza eta Juan Jose Ibarretxe Jaurlaritzako lehendakari ohiekin, Confebask EAEko enpresarioen elkartearekin, eta ELA, CCOO eta UGT sindikatuekin elkartu da.
Beste eragile batzuk ere hartzekoa da, baina Lehendakaritzak ez du oraindik xehetasunik eman.