Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzako lehendakari eta PSE-EEko idazkari nagusiak ETAri esan dio aitor dezala "bakarrik" dagoela, eta iragar dezala behin betiko bukatu duela. "Konferentzia honetako gauzarik garrantzitsuena izan da ETAri bere jarduera terrorista bukatzeko eskatu zaiola". New Yorken mintzatu da Lopez —lehen astetik bira batean da AEBetan, hainbat euskal enpresarioekin—.
"Dagoeneko inor ez da geratzen ez Euskadin eta ez handik kanpo euskal gizartearen eskakizun nagusiari atxiki ez zaiona: hau da, ETAren bukaeraren eskakizunari".
ETAk bere bukaera iragartzen badu, nazioarteko buruzagiek Espainiari eta Frantziari "gatazkaren armatuaren ondorioez soilik aritzeko elkarrizketak zabaltzeko" eskatu diete, eta eragile politikoei, berriz, "gai politikoak eztabaidatzeko, herritargoa kontsultatuz".
Espainiako Gobernuaren eta PSOEren erreakzioak
- Jose Blanco (Espainiako Gobernuko bozeramailea): "Terrorismoaren bukaeratik gertuago gaude. ETAk egin behar duena indarkeria uztea da, besterik gabe".
- Carme Chacon (Espainiako Defentsa ministroa): "ETAk armak uzteko aukera da konferentzia. Balia dezala aukera".
- Jose Antonio Alonso (PSOEren bozeramailea Espainiako Kongresuan): "Gobernuak errespetatu egiten du konferentzia. Bitartean, ETA borrokatzen jarraitzen du".
- Francisco Caamaño (Espainiako Justizia ministroa): "Gaurkoa bezalako ekitaldiek ETAren amaieran lagunduko dute, baina Gobernuak ez du amore emango legea ezartzeko garaian; terrorismoaren aurkako borroka irmo jarraituko dugu. Ez dago bakearen alde lan egitea baino ezer garrantzitsuagorik".
- Ramon Jauregi (Espainiako Lehendakaritza ministroa): "Konferentziarekin ETAk bere aurrean indarkeria uzteko aitzakia bilatzen du. Hori da niretzat garrantzitsuena. Nahiz eta niretzat eszenifikazioa gehiegizkoa izan, desegin egingo dela iragartzeko balio badu aintzat hartu beharko da. Irudipena daukat ETAk indarkeria utzi behar duela jabetu dela. Demokraziarentzat garrantzitsuena da ez dela trukean ezer ordaindu, ez inor hil dutelako ezta hiltzeari utzi diotelako ere. Gobernuak edo PSOEk ez dute ezker abertzalearekin batere harremanik izan".
- Carlos Totorika (Ermuko alkatea, PSE): "Ez da konferentzia gehien gustatzen zaigun eszenatokia, baina egon behar dugu euskal sozialisten iritziak defendatzeko, askatasuna eta ETAren amaiera. Amaiera horretan ezin da irudikatu euskal herritarrak gure artean borrokan ari ginela; ia 40 urte daramagu demokraziarekin eta batzuk hil egin gaituzte eta askatasuna kendu digute. ETAren amaierara guztion arteko akordio batekin iritsi behar dugu. ETAk berehala eta baldintzarik gabe utzi behar ditu armak".