Azaroaren 20ko Espainiako hauteskunde orokorretara aurkeztuko den Amaiur koalizio berriarekin «ilusioa» dauka Patxi Zabaleta Aralarreko koordinatzaile nagusiak. Eta pozik dago egin den urratsarekin: «Amaiur Euskal Herriko egoera politiko berriaren ikurra eta urratsetako bat da», adierazi du Info 7 irratiari eskainitako elkarrizketa batean.
Gernikako Akordioa sinatu ondotik, Espainiako hauteskundeei begira ezker abertzaleak, EAk, Alternatibak eta Aralarrek beste urrats garrantzitsu bat egin dutela nabarmendu du: «Gernikako Akordioa urrats bat izan zen bakegintzaren eta normalizazio politikoaren ikuspegitik, eta politikan marka berri honen aurkezpena beste urrats bat da». Amaiur koalizioa sortu izana, gainera, «ezinbesteko ekarpena» izango da krisi ekonomiko eta sozialaren garaian irtenbideak emateko: «Gizarteari eman behar zaion zerbitzua dela uste dut, eta ekarpen hori ezinbestekoa izango da».
Madrilen herri gisa erantzuteaz gainera, arlo «aurrerakoi eta ezkertiarretik» ere erantzun behar da, Euskal Herriak hala eskatzen duelako, Aralarreko buruaren ustetan. Ikuspegi ezkertiar eta progresista batetik, koalizioaren «batasun ikuspegia» ere garrantzitsua dela dio Zabaletak.
Amaiurren «porrota»
Bestalde, Josu Erkoreka EAJk Kongresuan duen eledunak ez du begi onez ikusten Amaiurrek «Euskal Herriaren ordezkari zilegia» izango balitz bezala jokatzea. Kritikatu duenez, Euskal Herriko ordezkaritza «monopolizatu» nahi izatea «harroa eta errespeturik gabekoa» da. Euskal Herriaren ordezkari bakarra bera dela iradokita, Amaiurrek gainerako alderdiak «gutxiesten» ari dela uste du Erkorekak.
Era berean, hauteskunde programan soilik autodeterminazio eskubidea eramaten badu «porrot» egingo duela ohartarazi dio koalizio berriari. Bere ustez, Amaiurreko kideek eskubide horren aldarrikapena egunero hizpide hartzen badute, Kongresuan gaia «arinki» hartuko dute eta «barregarri» utziko dituzte. «Hilabete gutxitan EAJk lortu ez duena lortuko dutela uste badute, inuzenteak dira edo gezurretan ari dira», esan du.
Ezker abertzalearen aurka kritika zorrotzak ere egin ditu Erkorekak. Bere esanetan, «ulertezina» da ezker abertzaleak izan duen «irizpide aldaketa», urtetan Espainiako erakundeetan ordezkaritza izateari uko egin diolako eta EAJ gogor astindu duelako Madrilera joategatik: «180 graduko ziaboga egin du ezker abertzaleak», kritikatu du Erkorekak.
Patxi Zabaleta: «Euskal Herriko egoera berriaren ikurra da Amaiur»
Erkorekak «harrokeria» egotzi dio koalizioari, «Euskal Herriko ordezkari zilegi gisa» aurkeztu nahi duelako
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu