politika

Patxi Zabaleta ez da berriro aurkeztuko parlamenturako

Politikariak berak BERRIAri baieztatu dio parlamentua utziko duela. Beste batzuei eman nahi die protagonismoa: "Garai berriak dira", esan du.

Zabaleta, Nafarroako Parlamentuan. JAGOBA MANTEROLA, ARGAZKI PRESS
2014ko abuztuaren 7a
12:38
Entzun

Hamabi urte egingo ditu Patxi Zabaletak Nafarroako Parlamentuan datorren urtean, baina hau izango da azken aldia. Efe albiste agentziari jakinarazi dionez, Zabaleta ez da aurkeztuko datorren urtean Nafarroako Parlamenturako egingo diren bozetara. Argudiatu du Aralarreko beste batzuei utzi nahi diela protagonismoa.

Gaur egun Aralar-NaBai taldeko burua da Zabaleta Nafarroako Parlamentuan. 2011ko hauteskundeetan, Aralar ez zen sartu Bildu koalizioan. Bai, ordea, geroago, eta Nafarroa Bai koalizioa desegin zenean talde propioa sortu zuen Aralarrek. Gero, bai, Amaiur eta EH Bildu koalizioetan sartu zen Aralar Espainiako Parlamenturako eta Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan.

"Garai berriak dira, eta protagonismoa beste batzuei eman behar zaie", adierazi du Zabaletak. Hala ere, aitortu du Aralarren jardunean parte hartuko duela aurrerantzean ere, eta gaineratu du politikan "hil arte" ariko dela. Leitzako politikaria Aralarren sortzaileetako bat izan zen, hura ezker abertzaletik zatitu zenean.

Aralar izeneko korronteak 2001eko ekainean Batasunan ez parte hartzea erabaki zuen, eta biharamunean Iruñeko Udaleko zinegotzi kargua utzi zuen Zabaletak.

2002ko ekainaren 22an egin zuen Aralarrek kongresu eratzailea, Gasteizen, eta koordinatzaile Zabaleta aukeratu zuten. Hurrengo kongresuetan kargua berritu zuen. 2003ko maiatzeko bozetan parlamentari aukeratu zuten Nafarroan, eta harrezkero eutsi dio karguari.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.