Politika

Patxi Zabaleta: "Otegi lehendakarigai? Ezin dut esan baietzik, baina bai: zergatik ez?"

Eusko Legebiltzarrerako hurrengo hauteskundeetan ere ezkerreko indar subiranisten koalizioan joateko bere alderdian "eztabaida" egin beharko dutela esan du Aralarreko koordinatzaileak.

2011ko abenduaren 1a
11:11
Entzun

Patxi Zabaleta Aralarreko koordinatzaileak ez du baztertzen Arnaldo Otegi ezker abertzaleko kidea izatea ezkerreko indar subiranisten lehendakarigaia Eusko Legebiltzarrerako hurrengo hauteskundeetan —2013ko martxo aldera tokatzen dira berez—. "Otegi hauteskunde sinbolo bat da; bi aldiz izan da zerrendaburu. Nik ezin dut esan baietzik, baina bai esan dezakedala 'zergatik ez?'".

Otegi 2009ko urritik preso daukate, Bateragune auziagatik. Joan den irailean Espainiako Auzitegi Nazionalak hamar urteko kartzela zigorra jarri zion, ETAko buruzagitzat jota, eta defentsak helegitea aurkeztu du Gorenean.

Aralar azaroaren 20ko Espainiako Kongresurako eta Senaturako hauteskundeetan ezker abertzalearekin, EArekin eta Alternatibarekin batera aurkeztu da Amaiur koalizioan, eta Zabaletak berretsi du han sartzea "erabaki zuzena" izan dela, "emaitza onak izan baitira. Araban eta Nafarroan sekula ez ziren horrelako emaitzak lortu". Eusko Legebiltzarreko bozetara ere elkarrekin joateko, "alderdian eztabaida" egin beharko dutela adierazi du.

Aintzane Ezenarro Aralarren ikusten du

Aintzane Ezenarro Aralarren eusko legebiltzarkideak ez du parte hartu Amaiurren kanpainan, baina Zabaletak uste du hark Aralarren segituko duela. "Oso politikari garrantzitsua eta, dudarik gabe, Aralarren ikusten dut".

Aste honetan EAEko PPrekin bildu da Aralar, eta Zabaletak iritzi dio ezker abertzalearen eta PPren arteko elkarrizketa ere iritsiko dela. "Bide bat dago egiteko, eta gizarteak tabuak kentzeko eta elkarrizketarako gaitasuna izateko exijitzen digu".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.