politika

Patxi Zabaletak aurreikusten du epe ertainera hauteskunde mugimenduak izango direla Hego Euskal Herrian

Aralarreko koordinatzaile nagusiaren ustez, "PSOE Madrilen oposizioa egiten hasten bada" Nafarroan egoera "jasangaitza" izango da eta EAEn PPren babesa "murrizten" joango da.

2012ko otsailaren 6a
11:49
Entzun

Patxi Zabaleta Aralarreko koordinatzaile nagusiak aurreikusten duenez, “epe ertainera” hauteskunde mugimenduak izango dira Nafarroan eta Euskal Autonomia Erkidegoan. Izan ere, asteburuan PSOEk egindako Kongresuak Nafarroako Gobernuan eta Eusko Jaurlaritzan "ondorioak" izango dituela uste du.

"Nafarroako egoera politikoa erabat jasangaitza da. Eta hori areagotu egingo da PSOE oposizioa egiten hasten bada Madrilen", esan du Zabaletak gaur, Onda Vasca irrati katean. "Gallardonen [Justizia ministroa] eskutik eskubide zibilen alorrean PPren gobernuak hartu duen jarrera atzerakoiak oposizioa egitera bultza ditzake. Eta hori horrela gertatzen bada, Roberto Jimenezen eta Patxi Lopezen egoera krisian sartu behar da. Epe ertainera, egoera honek ondorioak izan behar ditu”.

Nafarroarako epe horri zenbakia jarrita, bi urteko epea eman du hauteskunde mugimenduak gertatzeko. Azkeneko bozak iazko maiatzean izan ziren, eta berez hurrengoak 2015ean izango dira.

Jaurlaritzari dagokionez, Aralarreko koordinatzaile nagusiak uste du PPren babesa “murrizten” joango dela, “eta are gehiago PSOEk Madrilen oposizioa egiten badu. Lopezek gero eta zailagoa izango du legegintzaldia bukatzea. Urte honen erdi aldera, uda aldean, egoera honek eztanda egin behar du. Epe laburrera ez, baina epe ertainera hauteskunde mugimenduak izango direla aurreikusten dut”. Berez 2013ko martxo aldera izango dira Eusko Legebiltzarrerako bozak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.