Nafarroa

Patxi Zabaletak dio akordiorik ezean, "aldatu" egingo dituztela sozialistekin harremanak

"PSNren zuzendaritza ez da jabetu oraindik UPN eskuin muturreko kutsua duen talde politikoa dela", esan du Nafarroa Bairen lehendakarigaiak gaur BERRIA.INFOren elkarrizketa digitalean. "Baina, aitzitik, alderdi sozialistako militantzia gero eta jabetuagoa da horretaz, eta gertuago dago Nafarroa Bairengandik". Gobernu akordioa lortzeko "oraindik itxaropen izpi bat" dagoela uste du.

2007ko uztailaren 27a
15:56
Entzun
BERRIA.INFOren elkarrizketa digitalean izan da gaur Patxi Zabaleta Nafarroa Bairen lehendakarigaia, irakurleen galderak erantzuten, eta haietako batean esan du Nafarroako Gobernuaren osaketara begira PSNrekin azkenean akordiorik ez badute lortzen, "aldatu" egingo dituztela sozialistekin harremanak. "Zalantzarik gabe, Nafarroako gobernu aurrerakoia ez osatu izateak aldatu eginen lituzke etorkizunean alderdi sozialistarekiko harremanak".

PSNren eta Nafarroa Bairen arteko negoziazioak hautsita daude, eta sozialistek UPNk boterean segi dezan "formula" bilatzen ari direla nabarmendu dute azken egunetan. "Penagarria" iruditzen zaio Zabaletari PSNren buruek UPNrekiko daukaten jokabidea, "Nafarroako alderdi sozialistako zuzendaritza ez delako jabetu oraindik PPk hemen duen ordezkaritza; hau da UPN eskuin muturreko kutsua duen talde politikoa dela. Baina, aitzitik, alderdi sozialistako hauteslegoa eta erkidegoa, edo militantzia, gero eta jabetuagoa da horretaz, eta gero eta gertuago dago Nafarroa Bairengandik".

Fernando Puras PSNren lehendakarigaia kritikatu du. "Uste dut Purasek zalantza gehiegi izan duela; ez du tinkotasunik izan". Hala ere, Zabaletaren ustez, "Madrilgo agintariak izan dira orain arte atzeratu dutenak".

Elena Torres Nafarroako Parlamentuko presidenteak abuztuaren 18ra arteko epea eman die alderdiei Gobernuko presidentea hautatzeko; bestela, hauteskunde berriak egingo dituzte. Zabaletak dio ez dutela etsiko abuztuaren 18ra arte, eskaintza "mantendu" egingo duela Nafarroa Baik -"hori delako hauteslegoak agindu ziguna"-, baina, "gobernu aurrerakoia" ez badute lortzen, "badirudi errua gehien-gehienek alderdi sozialistarena dela emanen luketela. Eta badirudi, ondorioz, Nafarroa Bai oposizioan geratuz gero, hazi egingo litzatekeela".

Dena dela, badu "oraindik itxaropen izpi bat" akordioa lortzeko, "Nafarroako herritar askoren artean eta PSNko hauteslegoaren gehiengo baten artean oso postura tinkoa ari delako azaltzen, eta hori da etorkizunaren gakoa".



Hauteskunde berriak baleude, berriz, inkestek Nafarroa Baik "gora" egingo lukeela diotela azpimarratu du Zabaletak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.