Patxi Zamorak, Kontuz elkarteko eledunak, Iberia konpainiako hegazkin zerbitzari gisa lan egiten zuen joan den azaroaren 22an Guardia Zibilak hegazkinetan sartzeko baimena atzera bota zion arte. Ondorioz, aire konpainiak kaleratu egin zuen Zamora. Elkarteak bere aldetik "jazarpen ideologikoa" salatu du. Gaur, berriz, Nafarroako Gobernuan koalizioan diren lau alderdien babesa jaso du Kontuz-eko bozeramaileak.
Geroa Bai, EH Bildu, Ahal Dugu eta Ezkerra bat etorri dira Zamoraren kaleratzearen inguruko azalpenak eskatzerakoan. Gero Baiko eledun Koldo Martinezek salatu du 32 urteko lan ibilbidea eten dutela "inolako azalpenik eman gabe" eta horretarako arrazoiak argitzeko eskatu du. Adolfo Araiz EH Bilduko parlamentariak, bere aldetik, salatu du kaleratzearen atzean "arrazoi politikoak" daudela, eta mendekua nahi izatea egotzi die Nafarroako garai bateko agintariei. Ildo bereik jo dute Ahal Dugu-ko eta Ezkerrako kideek ere. Azken horiek ohartarazi dute Kontuz elkarteak egindako lanagatik "zigortu" nahi izan dutela Zamora.
Zamorak berak zehaztu du lau alderdiekin elkarlanean ari direla bere kaleratzearen nondik-norakoak argitze aldera. "Ez dut nire burua defendatzeko aukerarik izan. Babesgabetasuna erabatekoa da. Argi dago arrazoi ideologikoak daudela adierazpen askatasuna eta iritzi askatasuna mugatzeko ahalegin honen atzean".
Zamoraren arabera, erabakia erabat arbitrarioa izan da. Zenbaitetan hegazkinetan sartzeko baimen hori erretiratu egin ohi zaie langile batzuei diziplina neurriengatik, baina erabaki hori beti espediente baten bitartez justifikatu behar da.