Iñaki Imaz Munduatek (Donostia, 1978) irailaren 11ra arte behin-behinean eta baldintzapean aske segituko du, Paueko epaileak gaur ordura arte atzeratu baitu haren kontrako eurogindu eskaeraren saioa. Frantziako Poliziak atzo atzeman egin zuen Imaz, Hendaian, eta epaileak arratsaldean aske utzi zuen, baldintza batzuekin.
Gaur ziren Pauen euroagindu eskaera aztertzekoak, baina Espainiako Auzitegi Nazionalaren dokumentazioa ez da iritsi, eta saioa atzeratzeko erabakia hartu du epaileak.
Paueko Auzitegian izan da Imaz. Maritxu Paulus Basurko defentsa abokatuak esan du bizimodu publikoa egiten duela hark, Urruñan bizi dela eta lan egiten duela. Astean bitan Hendaiako polizia etxera sinatzera joan beharko du.
Poliziak 11:45ak aldera atxilotu zuen atzo, kalean. Polizia iturrien arabera, ETAren komando bateko kide izan zen, erakunde armatuaren Zutabe aldizkarian parte hartu izan du, eta gaur egun ETAren talde politikoko partaidea da.
Atxiloketaren unean emaztearekin eta haurrarekin zegoen Imaz.