Paueko Administrazio Auzitegian, goizean egin dute Ziburuko ikastolaren aurkako epaiketa. Guy Poulou Ziburuko auzapezak eraman du ikastola auzitara.
Bi urte ditu Ziburuko ikastolak. Marinela auzoko eskola publikoan lanak egin behar zituztela eta, auzapezak berak proposaturik, eskolako eremuan zegoen eraikin prefabrikatuan sartu zen Kaskarotenia ikastola.
Baina uztailaren 5ean bukatu zen herriko etxearen eta ikastolaren arteko hitzarmena, eta lekua husteko galdegin zien Poulou auzapezak, Marinelako leku horretan obrak egin behar dituztela argudiatuta.
Ikastolako kideek ez zutela lekua hustuko arazoa konpondu artean, eta auzapezak auzitara eraman zuen ikastola. Abuztuaren 12an Baionako auzitegian ikusi zuten salaketa. Epaileak erabaki zuen ez zela bere eskumeneko gaia. Poulou auzapezak, orduan, Paueko auzitegira jo zuen.