Elkargo bakarra

Paueko auzitegiak astelehenean erabakiko du elkargoaren geroa

Elkargoaren kontrakoek egitura "neurrigabea" salatu dute; aldekoek, gehiengo zabal baten babesa duen proiektua. Berehalako epaia onartuz geroz, prozedura guzia bertan behera gera daiteke.

Paueko auzitegian egin duten audientzia. FRANCK DOLOSOR, @FRANCKDOLOSOR
Ekhi Erremundegi Beloki.
2016ko irailaren 28a
14:04
Entzun

Bidarte, Bidaxune, Garruze eta Erangoko auzapezak izan dira han elkargoaren kontrakoak ordezkatuz. Jean-Rene Etxegarai Baionako auzapezak, Martin Bisauta Lapurdiko hiriburuko auzapezordeak, Colette Capdevielle diputatuak eta Catherine Seguin Baionako prefetak egin dute elkargoaren defentsa. Audientzia hasi aurretik elkarri agur hotz bat egin diote, eta ondoren bakoitza bere aldean bildu da.

Tentsioa nabaria zen. Biziki hitzaldi teknikoa egin du Yves Claisse elkargoaren kontrakoen abokatuak. Prozedura gaizki eraman dela esan du. HELEP berriak Parisko metropoliak baino herri gehiago bildu dituela salatu du Claissek; "departamendu bat departamendu barnean", gaineratu du. Elkargo bakarra "neurrigabea eta teknokratikoa" izanen dela esan du, denboran azkarregi sortu dela.

Catherine Seguin prefetak hartu du hitza estatuaren izenean. Puntuz puntu, Claissen argumentuei erantzun die eta agerian utzi ditu kontrakoen zenbait argudio; horientzat elkargo bakarra haundiegia dela azaldu du, "munstroa", baina eremu bera luken bertze egitura nahi dutela aldi berean. "Agerrek [Barthelemy Agerre Lüküzeko auzapeza] ez du frogatu eragin fiskala zein izanen den. Prozesua lasterregi doala? Legea errespetatu gabe? Faltsua da, frogak daude", esan du Baionako suprefetak.

Etxegaraik hartu du hitza gero, Hautetsien Kontseiluaren izenean. "Gertakariek zuzenbidea argitzen dute", esan du, eta 1992tik orain arte izan den bilakaera laburbildu du. Azpimarratu du ez dituela prefetak bultzatu, alderantziz izan dela, eurek bultzatu dutela estatua. Claissek bere hitzartzean esan du ez direla herritarrak nahikoa informatuak izan, baina Baionako auzapezak, besteak beste, Hazparneko tailerrak eta prefetarekin izan bilkurak ekarri ditu gogora. "Prefetak formulak proposatu ditu, guk erabaki dugu.

Txostenaren defentsa politikoa egin du Etxegaraik. "Juridikoak politikoa gida dezake baina ez edozein argumenturekin". Gainera, herriko etxeetan proposamenak izan duen babes zabala gogoratu du, eta helburua 2020tik aitzina lurralde elkargora pausoa egitea dela. Kontrakoen eta aldekoen dosierrak aztertu ondoren, epaileak astelehenean emango du elkargo bakarraren kontra jarritako helegiteen inguruko erabakia.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.