Parisen itomena salatzera gerturatu da jendetza Baionara, Ikastolak “estu eta larri” jarri dituela salatzeko, Baionako Suprefeturaren aurrean. Herriko etxeek ikastolei laguntzea eragozten ari dira azken hilabeteetan prefeta eta suprefeta, eta hori dela-eta haserrea erakusteko arraultzak bota dituzte eraikinera. Polizia atera da ingurua zaintzera, eta Sustrai Colina bertsotan hasi da, ondoren, Paxkal Indok egin du hitzaldia. Hendaiakoaren aurka egin zuten lehenik, esanez ezinezkoa zela udalak laguntza ematea ikastola eraikitzeko. Azkeneko, Beskoitzeko Herriko Etxearen aurka egin dute, Seaskari ikastola egiteko lurra alokatzeagatik, eta gaur bertan Pauko auzitegirik etorri da albistea.
Paxkal Indo Seaskako presidenteak eman du auzitegiaren berri: "Goiz huntan jakin berri dugu suprefetak Hendaiako herriko etxearen kontra ezarritako auziaren emaitza. Ah, bai, Dalennes jauna, fier izaten ahal zara, kontent, 80 haur hendaiar euria egiten duen aldi bakoitz goitik behera trenpatu daitezen lortu baituzu".
Arazoak arazo, aurrean izango dira euskaltzaleak, Indoren hitzetan: "Estatuko ordezkariei argiki erraiten diegu ez daitezela bide itsu batean sar. Ez diegu utziko ikastolak suntsi ditzaten. Ez diegu utziko euskara ito dezaten. Aitzineko belaunaldiek egin zuten bezala, gu ere euskararendako dena emateko prest gara".
Falloux legea
Falloux legea hartu dute eskuan prefetak eta suprefetak traba horiek jartzeko. 1850eko arau bat da, eta, horren arabera, erakunde publikoek ezin diezaiekete laguntzarik eman eskola pribatuei. Prefetak agindua du otsail erdialderako zirkular bat egingo duela, egoerari “aterabidea” emateko asmoarekin. Ikusteko dago hori, ordea. Azken batean, zirkularrak legearen menpekoak baitira, eta Falloux legeak interpretaziorako aukera gutxi baitu.
Seaskak beste lege esparru bat nahi du, egoera hori aldatuko duena. Ez da hori, ordea, Parisen asmoa. Aurelie Filippetti Kultura ministroak asteon esan du gobernuak ez duela asmorik Falloux legea aldatzeko murgiltze ereduari trabak kentzeko. Erregioetako hizkuntzei sare publikoan tokia egiteaz mintzatu da ministroa.