"Geldialdi txiki bat" izan du azken hilabeteetan munduko merkaturik handienetakoak, "hauteskundeak datozelako". Haien aurretik eten egiten dira azpiegituren adjudikazioak, eta geroak dakarrenaren zalantzak ere ez du laguntzen. Baina Brasil "merkatu erakargarria" da oraindik ere, Paulo Abasolo SPRI Brasilgo zuzendariaren ustez. "Nora zoazen jakin behar da; hemen ez du denak balio".
Munduko Futbol Koparen atarian gaude. Esaten zen bezainbeste bultzatu al du proiektuak?
Izugarrizko hauspoa izan da, baina azken hilabeteetan pixka bat gelditu da merkatua; zenbait azpiegituretan atzerapen handia egon da, eta txapelketa hasterako ez dira bukaturik egongo hainbat eta hainbat proiektu. Futbol zelaiak bai, baina beste azpiegitura batzuk, tartean metro eta aireportu batzuk, egiteko daude oraindik. Alegia, gauza asko egin dira, baina ez agindutako dena.
Asmatu al dute euskal enpresek Munduko Kopako olatuarekin batera joateko?
Brasil epe luzerako merkatua da, ez ahaztu. Hemen apustu irmoa egin behar da, eta eutsi. Brasilek ez du irabazi garbirik emango urtebetean edo bitan akaso. Munduko Koparen itzalean enpresa asko iritsi ziren, eta ez bakarrik eraikuntza sektorekoak. Inbertsio izugarria egin da urte gutxian; autogintzari edo energia berriztagarriei erreparatzea baino ez dago. Gamesa, Iberdrola, Nitrogas, Gestamp, CIE Automotive, Alga... asko dira Brasilgo merkatuan kokapen egokia dutenak. CAF, Sener, Orkli, Orona, Jamai eta beste asko ditugu hemen. Batzuek asmatu dutela argi dago. Jadanik ehundik gora enpresa iritsi dira Brasilera Euskal Herritik.
Zer-nolako negozio neurriaz ari gara?
Zaila da esatea, enpresa askok horrelako datuak gorde egiten dituztelako. Baina kopuru garrantzitsua da.
Ez al da kezkagarria Brasilgo ekonomiaren eboluzioa azken bi urteotan?
Ez bereziki. Hala ere, enpresak, baita euskal enpresak ere, orain stand by egoeran daudela esango nuke, hauteskundeetan zer gertatuko den zain. Politika makroa nola izango den jakin nahi dute, aldaketak datozen ala ez. Eta merkatuaren eboluzioari dagokionez, ezuste txiki bat izan da aurreikuspenak ez betetzea, baina normala ere bada, Argentinak inportazioak izugarri apaldu dituela kontuan hartuta. Txina ere ez dabil espero zen bezain ongi, eta horrek Brasilen eragin handia dauka, hemengo erosle handienetakoa delako; eta Europako pattalaldiak ere eragiten du, noski.
Brasil ez da El Dorado, orduan.
Nik ez dut zalantzarik Brasilek izugarrizko aukera eskaintzen duela, baina euskal enpresek garbi eduki behar dute hemen asmatzeko produktu desberdina eskaini behar dutela. Produktu hori Brasilen ere baldin badago, ez dago zereginik, herrialdea oso protekzionista delako. Eta produktu egoki hori edukita ere, epe luzerako apustua behar duela ezin da ahaztu, burokrazia aldetik oso herrialde motela delako. Inbertsioari eutsi behar zaio, baina azkenean emaitzak iristen direla ere garbi daukat.
Beraz, enpresa guztientzako flotagailua ere ez da Brasil, baina bai batzuentzat?
Euskal enpresa askotan krisiak eragin handia izan du, eta Brasilek arriskua eskatzen du, pazientzia eta inbertsioa, dirua; eta denek ez dute gaitasun hori; hori horrela da, baina baita urtetik urtera enpresa gehiago etortzen zaizkigula aholkularitza eskatuz Brasilen kokatzeko.
Futbolaren hauspoa apaldu da, baina Olinpiar Jokoak ere hor daude. Aukerak ez dira bukatu, ezta?
Brasilek 200 milioi biztanleko merkatua dauka, eta aukera asko oraindik. Azpiegitura ugari egin behar dira oraindik, metro asko, errepide asko, aireportu asko... Olinpiar Jokoak ere bultzatzen ari dira, noski.
Esaten ari zara Brasil ez dela herrialderik errazena nazioartekotzearekin hasi nahi duen enpresa batentzat, ezta?
Gure erosotasun gunetik ateratzean dena da zailagoa, baina bai Brasilera eta bai beste edonora joanda. Berdin dio Brasil edo gertuago dagoen herrialde batera joatea, demagun Portugal edo Frantzia. Kontua da urratsa egin aurretik merkatu hori xehetasunez aztertu behar dela, jakiteko gure eskaintzak arrakastarik izango duen ala ez, benetako aukerak dauden ala ez. Ezin da joan merkatu batera, besterik gabe handia delako, 200 milioi biztanlekoa delako, edo Txinaren kasuan 2.000 milioikoa delako. Horrek ez du ezer segurtatzen; jarduten duzun sektorea ez baduzu zehaztasunez ikertzen, alferrik ariko zara. Horretarako dago SPRI, enpresariek ez dezaten salto hori egin begiak itxita dauzkatela.