Frantziak Seaska itotzeko asmoa duela salatzeko egin zuten elkarretaratzea otsailaren 1ean suprefetura aurrean. 400 bat lagun bildu ziren, eta lege gerizpe bat galdegin zioten Parisi, murgiltze ereduak aurrera egin ahal izateko —Falloux legea eskuan, Seaskari laguntzen dioten herriko etxeen aurka egiten ari dira suprefeta eta prefeta—.
Elkarretaratzea hasi baino lehenago jakin zuten Hendaiako ikastolaren irtenbidea itxi egin zuela Paueko auzitegiak. Herriko etxea auzitara eraman zuen suprefetak, ikastola berria egiteko laguntza eman ziolako Seaskari. Auzia irabazi egin zuen suprefetak.
Elkarretaratzea Poliziak zaindu zuen une oro, lerro bat sortuz suprefetura aurrean. Arrautza batzuk jaurti zituzten manifestari batzuek. Elkarretaratzean parte hartu zuen pertsonetako bat ostiralerako deitu dute deklaratzera polizia etxera; astelehenean joan beharko du Indok. Seaskak elkarretaratzeak antolatu ditu polizia etxearen aurrean.