Azpiegiturak

Pedalkadaz pedalkada, AHTaren aurkako mezua zabaltzen

Mugitu! Mugimenduak antolatutako martxa “desobeditzailea” Bergaratik abiatu eta Zerainera iritsiko da. Abuztuaren 1ean Donostiako helmugara iritsi bitarte, obretara bisitak, hitzaldiak eta solasaldiak egingo dituzte. 

2013ko uztailaren 27a
14:54
Entzun

Mugitu! Mugimenduak Abiadura Handiko Trenaren aurka antolatu duen bizikleta martxa “desobeditzailea” Donostiara bidean da, nahiz eta okerrik ezean, abuztuaren 1era arte ez den iritsiko Gipuzkoako hiriburura. Pedalkada askori eragin beharko diote oraindik parte hartzaileek “Lurraren alde, mugitu eta eragin!” lelopean, datorren ostegunean helmugara irits daitezen.

Uztailaren 25ean Altsasutik ekin zioten bideari jarraituz, gaur Bergaran hasi eta Zerainen bukatuko den ibilbidea burutu beharko dute. Bidean Urretxu eta Ordiziatik ere pasako dira, eta tartean geldialdia egingo dute Beasaingo Arriaran auzoan bazkaltzeko. Igandean, berriz, Anoeta atzean lagata Andoainera arte iritsiko dira.

Atzo Legutiotik Angiozarrera dauden 41 kilometroak korritu zituzten. Aramaiora iritsi baino lehen, taldea Azkoaga auzotik sartu eta bertan AHTaren zubibidera eramaten duen pista bat hartu zuten txirrindulariek. Bi pankarta zabaldu zituzten: batean TAV STOP AHT irakur zitekeen, eta bestean, MUNDUKO BIDEGORRIRIK GARESTIENA.

Bestalde, Udalaitzeko tuneletik “ur asko” ihes egiten ari dela salatu dute txirrindulariek, “akuiferoa puskatu dutenaren erakusgarri”. Arrasateko Gesalibar eta Garagartza auzoek Udalaitzeko ura edan izan dute, baina gaur egun ur hornikuntzarik gabe gelditu direla jakinarazi dute.  

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.