Haurra pediatrarenera eraman, eta artatzen duena familia mediku bat izatea. Horixe da egun Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako guraso askok bizi duten errealitatea. Egun dagoen pediatra gabeziaren ondorioa dela salatu dute alor horretako osasun profesionalek, eta neurriak hartzeko eskatu diote Osakidetzari; beraien lan zama «ikaragarria» baita. Datozen asteetan aurkeztuko du Osakidetzak egoerahorri aurre egiteko plana. Baina plan horretan egin asmo dituen proposamen askok egonezina sortu dute pediatren artean, ez baitzaie iruditzen pediatrak erakartzeko balioko dutenik.
Jaurlaritzak uztailean hasi zuen pediatra gabezia ote zegoenikusteko azterketa. «Urteak ziren guk hori eskatzen genuela. Uste dugu garaia dela plan txukun bat egiteko, kalitatearen eta osasun publikoaren aldeko apustua indartuz. Ez digu balio beste leku batzuetan baino hobeto gaudela jakiteak. Guk nahi duguna hobetzen jarraitzea da», dio Arrate Bengoa pediatrak. Bengoak Bergarako (Gipuzkoa) osasun etxean egiten du lan, eta Euskal Herriko Lehen Arretako Pediatren Elkarteko idazkaria da. Hark emandako datuen arabera, batez beste egoki den kopurua baino %10-%20 pediatra gutxiago daude. «Hiri eta herri handietatik zenbat eta urrutirago egon, gabezia handiagoa da. Gainera, orain bezala jarraituz gero, falta hori are gehiago handituko da. 2015ean %35era irits daiteke, eta hemendik hogei urtera, %60ra». Osasun Sailak BERRIAri emandako datuen arabera, %14 dira familia medikuek artatzen dituzten 14 urteko haurrak EAEn. «Estatuko beste autonomia erkidego gehienak baino hobeto dago», azaldu dute. Gainera, gogorarazi dute Eustatek emandako datuen arabera 2020ra bitarte %4,21 baino ez dela haziko pediatrek artatu beharreko haurren kopurua: «0-4 urte arteko haurren kasuan hazkundea negatiboa izango da. Horrek arindu egingo du beharra».
Rafael Bengoa Osasun sailburuak datozen asteetan aurkeztuko du plana, baina orain aste batzuk aitortu zuen jada proposamenak «tentsioak» eragingo dituela. Izan ere, onartu zuen «ezinezkoa eta bideraezina» dela pediatren kopurua handitzea. «Gaur egun, pediatrak falta dira hainbat lanpostu betetzeko». Osasun Sailaren arabera, sortutako 310 pediatra lanpostuen %13 (39 lanpostu) ezin dira bete gabezia horren ondorioz.
Ez zuen planaren inguruko xehetasunik eman nahi izan, baina aurreratu zuen aztertzen ari diren aukeren artean daudela erizainei ardura handiagoa ematea haurrak artatzerako orduan eta pediatra bakoitzari dagokion haur kopurua handitzea. Bengoak gogor salatu ditu Osasun Sailaren proposamenak. Ez du egoki ikusten 14 urtetik beherako haurrei tartean behin egiten zaizkien osasun azterketak erizainek egitea. «Guk beti aldarrikatu izan dugu erizainen lanaren garrantzia. Baina gauzak ez dira nahastu behar. Gauza bat da ardura gehiago ematea, eta beste bat osasuntsu dauden haurren azterketen ardura osoa haien bizkar uztea. Guk ere azterketa horietan parte hartu behar dugu, helburuetako bat baita gaixotasunen prebentzioa. Horretarako prestakuntza dugunak pediatrak gara. Gainera, kontrol horiek haurra ezagutzeko ere balio digute. Hori oso lagungarria da gaixo daudenerako». Hortaz, proposamen hori «bideraezina» dela uste du. «Are gehiago, pediatra bakoitzari dagokion erizainen ratioa apur bat jaitsi nahi dutela kontuan hartuta. Berez, pediatra bakoitzak erizain bat izan beharko luke. Orain nahi dutena da bi pediatrako erizain bat jartzea. Horrela, ezinezkoa da erizainei ardura gehiago ematea».
Osakidetzak egin asmo duen beste aldaketetako bat pediatra bakoitzari egokitzen zaion haur kopurua handitzea da. Egun, Osakidetzako pediatra bakoitzari batez beste880 haur artatzea egokitzen zaio. Planaren zirriborroaren arabera, kopuru hori 1.000 ingurura igoko litzateke. «Hiri handi bateko osasun etxe batean hori egitea posible izan daiteke. Baina herri txikiagoetan ezinezkoa da. Nik, adibidez, 1.300 inguru ditut jada. Beraz, 880ko kopuru hori aise gainditzen dut». Osasun Sailak gogorarazi du, haatik, Espainian batez beste pediatra bakoitzak 1.134 neska-mutil artatzen dituela. «Alde horretatik, Euskadin ratioak %22 baxuagoak dira».
Planaren beste ardatzetako bat 14 urtetik beherako haurren arreta pediatren eta familia medikuen artean banatzea da. Egun, jada egiten da hori hainbat osasun etxetan, batik bat populazio gune handietatik urrun dauden landa herrietan. «Gehienetan esperientzia handia duten profesionalak dira, eta bikain egiten dute lan», diote Osasun Sailekoek.
Pediatra gisa aritzen diren familia medikuen lana aitortu du Bengoak ere: «Oso ausartak dira, eta eskertzekoa da egiten duten lana. Baina pediatra gisa aritzeko duten prestakuntza bizpahiru hilabetekoa baino ez da. Guk, berriz, lau urteko espezialitatea daukagu eginda». Horrek eguneroko martxan ondorioak dituela azaldu du: «Lana egiterako orduan aldea handia da: kasuak banatzean, iritziak partekatzerakoan...».
Konponbideak
Pediatren elkarteak beste neurri batzuk proposatzen ditu. Horien artean dago ikasle gehiago erakartzea medikuntza ikasketetara. Mediku egoiliar izateko pediatrentzat eskaintzen diren postuak gehitzeko ere eskatzen dute. « Jaurlaritzak egin dezala presioa leku kopurua handitzeko», dio Bengoak. Horren harira, ñabardura bat egin du Osasun Sailak: «Pediatrentzako urtero eskaintzen diren hogei egoiliar postuak bete egiten dira, eta ahalegin osoa egiten ari gara Euskadin prestakuntza egiten duten pediatrak Osakidetzan geratzeko». Atzerritik pediatrak etortzea ez dute gaizki ikusten profesionalek. «Arazoa haien tituluen homologazioa da. Tramiteak oso luzeak dira. Beraz, ezinbestekoa da horiek arintzea».
Egiten duten beste proposamenetako bat ordutegien eta osasun etxeen berrantolaketa egitea da. Egoki ikusten dute pediatria zerbitzuak osasun etxe batzuetan pilatzea eta zerbitzua ordutegi berberetan ematea: 08:00etatik 17:00etara. Ondoren, etengabeko arreta guneetara eta larrialdietara bideratuko lirateke kasu larrienak. «Horrek oso antolaketa zehatza eta ona egitea eskatzen du».
Osasuna. Pediatra falta
Pediatrak erakarri ezinik
Sendagile bakoitzak artatu beharreko haur kopurua handitu nahi du Osakidetzak, pediatra faltari aurre egitekoEuskal Herriko Pediatren Elkarteak dio egoki dena baino %10-%20 gutxiago direla
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu