Euskara
Pedro Pegenaute: "Nafarren legearen aurreko berdintasuna euskararen gainetik dago"
Pedro Pegenaute Nafarroako Gobernuko Unibertsitate eta Hizkuntz Politikarako zuzendariaren iduriko, Nafarroako bizilagunen artean bi jarrera sumatzen dira euskararekiko: batzuk, "fede eta borondate onez" euskara ikasi eta erabili nahi dute beren harremanetarako eta eguneroko bizitzarako. Beste batzuk, aldiz, "tresna politiko" gisa" ikusten dute euskara, eta hain justu, bigarren multzo horretakoak dira Nafarroako Gobernuak euskara baztertzen duela salatzen dutenak. Ildo horretatik, bera Hizkuntz Politikako zuzendari denetik inoiz ez duela euskararen kalterako neurririk hartu ziurtatu du Pegenautek. Dena den, euskararen gainetik "nafar guztien legearen aurreko berdintasuna" dagoela nabarmendu du.
"Bereizi behar da batzuk nahi dutela euskara ikasi eta erabili beren harremanetarako, eguneroko bizitzarako, fede eta borondate onez. Beste batzuk aldiz, hizkuntza tresna politiko gisa ikusten dute; bigarren horiei hizkuntza gutxiago inporta zaie beste helburu politikoak baino. Horientzako Gobernuak edozer egiten duela ere, beti politizatu egingo dute auzia, beti politizatuko dute hizkuntza. Gainera, ez dira konturatzen euskara bera kaltetzen dutela", esan du Pedro Pegenaute Nafarroako Gobernuko Hizkuntz Politikarako zuzendariak Radio Euskadin. Nafarroako Gobernuak euskararen kontrako neurriak hartzen dituela salatzen dutenak, gainera, bigarren multzo horretakoak direla azpimarratu du. "Nik esan izan dut eta berresten dut hizkuntz politika nire agindupean dagoenetik Nafarroako Gobernuak ez duela inoiz euskararen kalterako neurririk hartu".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu