Espainiako Gobernua ez dago prest euskal presoen zigorrak batzeko 7/2014 legea erreformatzeko, gaur Pedro Sanchez gobernuburuak jakinarazi duenez Kongresuko kontrol saioan. Haren esanetan, Estrasburgok ebatzi zuen auziko euskal presoek ere estatuko espetxe legedia jarraitu beharko dute onurak jaso nahi izanez gero, Frantziako kartzela urteak ez dizkielako Espainiak aintzat hartuko zigorra murrizteko. Santiago Arrozpide, Alberto Plazaola eta Francisco Mujikaren helegiteak aztertu zituen Europako Giza Eskubideen Auzitegiak eta baztertu egin zituen.
Mikel Legarda EAJko diputatuak galdetu dio Sanchezi ea zer iritzi duen Europako Giza Eskubideen Auzitegiak euskal presoen zigorrak ez batzeaz emandako epaiaz, eta Sanchezek, lehenik, erantzun dio ez dituela sententziak baloratzen, baizik eta obeditu egiten dituela erabakiak.
Ondoren Legardak gogoratu du EAJk lege proposamena erregistratua duela Kongresuan, 7/2014 legea erreformatu eta zigorrak batzeko, eta, hartara, "Espainiak Europa Batasunaren esparruan salbuespena izateari uzteko". Legardak esan du bere garaian Espainiako Auzitegi Gorenean eta Konstituzionalean azaldu zirela epaileak zigorrak ez batzearen aurka, gutxiengo izan ziren arren, eta, gainera, PPk hasiera batean zigorrak batzearen aldeko Europaren 2008ko zuzentaraua aintzat hartzeko moduko proposamena egin zuela, eta norabide bereko proposamena dela EAJrena.
Sanchezek ihardetsi dio iaz, adibidez, Espainiako Estatuak Europako auzitegitik kontrako sei epai besterik ez zituela jaso. "Italiak 37, Alemaniak 16 edota Frantziak 12. Horrek asko esan nahi du gure demokraziaren eta botere judizialaren kalitateaz". Esan du Espainiak Frantziako kartzela urteak aintzat hartuko balitu, neurriak 69 euskal presori eragingo liekeela, eta gogoratu du haietako batzuek hiru mila urteko espetxe kondena dutela. "[Europaren] Epai honek gogorarazten die espetxe onurak jasotzeko Espainiako [espetxe] araudia jarraitu beharko dutela, ez gehiago eta ez gutxiago", esanez bukatu du Espainiako gobernuburuak.
Europako Giza Eskubideak Auzitegiak urriaren 23an eman zuen zigorrak ez batzearen aldeko epaia. EAJk bezperan erregistratu zuen Kongresuan 7/2014 legea erreformatzeko lege proposamena, eta Mahaiak urriaren 30ean aztertu zuen, forma akatsik-edo bazuen ikusteko. Balekoa eman, eta arazoaren 2an Kongresuko buletinean argitaratu zuen. Gobernuak gehienez hilabeteko epea du lege proposamenaz txosten bat egiteko. EAJren ustez, prozedurak aurrera jarraituko du, proposamenak gastu hazkunderik ez baitu. Alderdi jeltzaleak badu planteamendua gai ordenean sartu eta Kongresuko batzar batera eramateko aukera. Urte amaierarako izan liteke hori, eta orduan diputatuek erabakiko lukete tramitera onartu ala ez. Onartuz gero, batzorde batean zuzenketak egiteko epea zabalduko litzateke, eta, azkenik, lege proposamenaz bozketa Kongresuan.