OROIMEN HISTORIKOA

Pedro Uriguen gudariaren aztarnak aurkitu dituzte Mendatan

Gaur atera dituzte arrastoak lurpetik, familiakoen aurrean.

Aranzadi Zientzia Elkarteko kideak, beharrean. IREKIA
2015eko abuztuaren 27a
13:40
Entzun

1936ko gerran hildako gudarien gorpuzkiak lurretik ateratzeko lanetan ari da Aranzadi Zientzia Elkartea Mendatan (Bizkaia), eta arkeologoek aurkitutako aztarnak Otxandioko batailoian aritu zen Zornotzako Pedro Uriguen Perearenak direla baieztatu dute. Bertan izan da Josu Erkoreka eta gorpuzkiak berreskuratu dituzten uneko irudiak bistaratu ditu Twitterren.

Indusketa lanetan, hainbat hezur atera dituzte, hala nola garezur bat eta femur bat. 1936an hildako gudari horrenak izan zitezkeela zioten Uriguenen senideen eta inguruko baserrietako bizilagunen testigantzek eta gaur konfirmatu ahal izan dute, gorpuzkiak familiakoen aurrean atera ostean.

Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubideen zuzendari Monika Hernando bertan izan zen atzo: "Emozio handiko momentua da, inguru honetan eta beste batzuetan egiten ari diren lanen helburua familiei garai batean kendu zizkieten eskubideen zati bat itzultzea baita". 

Duela zenbait hilabetez geroztik, Karraderan taldea eta Larrabetzuko Udala, Aranzadi Zientzia Elkartearekin eta Eusko Jaurlaritzako Biktimen eta Giza Eskubideen Zuzendaritzarekin elkarlanean, 1936ko gerran desagertu ziren gudarien gorpuzkiak aurkitzeko lanetan ari da. Azken egunetan, hainbat hilobi aurkitu dituzte Burdinazko Gerrikoko defentsa-egiturekin lotuta.

Larrabetzu Burdinazko Gerrikoko defentsa-egitura horien balioa nabarmentzeko proiektua gauzatzen ari da, horiek garbitu eta bisitatzeko ibilbideak prestatuz. Lan horien ondorioz gerrako gorpuzkiak dituzten bi ehorzketa-toki agerian utzi dituzte, eta laster aztertuko dituzte Eusko Jaurlaritzaren protokoloari jarraiki horiek lurpetik atera ondoren.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.