Peio Etxeberria Lete euskal presoa (Soraluze) libre geratuko da, Espainiako Auzitegi Konstituzionalak 197/2006 doktrinaren inguruan defentsak jarritako helegitea onartuta —Parot doktrina bezala ere ezagutzen da—, Etxerat elkarteak jakinarazi duenez. 1989an espetxeratu zuten Etxeberria eta, irteera eguna 2006ko irailaren 10ean bazuen ere, aipatutako doktrina ezarri eta zigorra 2019ra arte luzatu zioten.
Konstituzionalak joan den martxoaren 29an jakinarazi zuen 197/2006 doktrina ez aplikatzeko hiru helegite onartu eta 25 atzera bota zituela, hiru helegite ez zituela aztertuko eta beste 22 tramitera onartu zituela —horietako bat zen Etxeberriarena—. Auzitegiak martxoan onartu zituen hiru helegiteak Jose Ignacio Gaztañaga Bidaurreta, Juan Mari Igarataundi Peñagarikano eta Jose Mari Perez Txuri presoenak izan ziren.
Espainiako Auzitegi Gorenak 2006ko otsailaren 20an ateratako sententzia bat da Parot doktrina deiturikoa, 197/2006 epaia. Horren bidez, espetxe onurak edo erredentzioak espetxe zigor bakoitzari aplikatzen zaizkio, eta ez presoak guztira bete beharko lituzkeen gehienezko 30 urteko kopuruari, 2006ra arte egiten zen bezala. 76 euskal presori ezarri izan diete doktrina.
Txus Martin presoa aske uzteko eskaria, Bilbon
Basauriko (Bizkaia) espetxean dagoen Txus Martin presoaren eta gaixo dauden beste 13 euskal preso politikoren askatasuna eskatzeko elkarretaratzea egin dute gaur eguerdian Bilbon, Herrira mugimenduak deituta.
"Ez da aldarri berria, baina bai premiazkoa. Txus Martinek ezin du espetxean jarraitu. Bere osasun egoerak hala eskatzen du", adierazi dute.
Arratsaldean manifestazioa egingo dute, 19:30ean, Plaza Eliptikotik.