Pejenaute auziak ahalik eta gutxien zipriztintzea nahi du Nafarroako Gobernuak. Igandean Jesus Pejenaute Gizarteko Politikako kontseilariak dimisioa aurkeztuta, presioa Yolanda Barcina Nafarroako lehendakariarengana zuzendu da. Izan ere, ez dago argi Barcinak ba ote zekien Pejenautek Nafarroako Kutxako arlo komertzialeko zuzendari zenean 180.000 euro zuritzeko agindua eman zuela. Pejenautek igandean arrazoitu zuen Ogasunaren aurrean diru hori «erregularizatuta» zuela. Hala ere, toki txarrean gera daiteke Barcina, hark aukeratu zuelako kontseilari.
Horren aurrean, Sanchez Muniainek adierazi du Pejenautek kargua hartu zuenean «garbia» zuela espedientea. «Egindakoa aztertu egin zen, eta ebatzi zen legezkoa zela eta lan egiten zuen erakundeak [Nafarroako Kutxak] ez ziola zigorrik ezarri». Sanchez Muniainek iragarri du «nondik norako guztiak ezagutu arte» gobernuak ez duela aldez aurretik iritzirik emango. «Pejenautek dokumentuetan frogatua du bere jarduerak ez diola inongo zigorrik ekarri». Era berean, Sanchez Muniainek Pejenauteren jarrera goraipatu du. Dimisioa «erabaki pertsonal eta atzeraezina» izan dela esanda. «Langa oso goian utzi du. Ez da oso ohikoa gezurrezko akusazio baten aurrean horrelako erreakzioa izatea».
Pejenauteren dimisioa kontuan hartuta, Kontuz plataformak iragarri du ikerketak aurrera jarraitu behar duela, «zantzu guztien arabera, aktore gehiago daudelako tartean». Era berean, «harrituta» dago ostiralean Nafarroako Gobernua kazetarien aurrean isilik azaldu zelako eta Pejenautek Kontuz-en aurka jarritako salaketa babestu zuelako.
Kontuz-en arabera, kapital zuritzearen berri «jende askok» zekien, bai Nafarroako Kutxa barruan, bai kanpoan. Aurrezki kutxak dio ez zela deliturik egin. Horregatik, Kontuz-ek exijitu du kaleratzeko hori egiaztatuko lukeen informazioa. Irregulartasuna gertatu eta urtebetera utzi zuen Nafarroako Kutxa Pejenautek, eta txosten batean aipatzen da zigortua izan zela horregatik. Kontuz-en ustez, zigorrik ez zen egon aurre-erretiro bat kobratu zuelako eta kutxarekin lotutako Vialogos enpresan negozio zuzendari izendatu zutelako gutxira.
Barcinari ere egoera argitzeko eskatu diote, 2007an kutxako kontrol batzordeko presidente zelako eta batzorde horri zegokiolako kutxaren barne ikuskaritza egitea. Era berean, galdetu diote nolatan kontratatu zuen 2009an Pejenaute aholkulari izateko baldin eta kutxatik zigortuta atera bazen. Era berean, galdetu diote zergatik izendatu zuen aurten kontseilari izateko.
Pejenaute izendatzean espedientea «garbia» zuela dio gobernuak
Kontuz-ek Barcinari exijitu dio argitzeko ea lagundu zuen kapital zuritzea ezkutatzen eta zergatik izendatu zuen
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu