Atxiloketa

Pello Alvarez atxilotu du Frantziako Poliziak Hendaian

Bilatze eta atxilotze agindupean zegoela-eta, iazko ekainean bere kabuz aurkeztu zen Auzitegi Nazionalean eta aske utzi zuen Garzonek. Alvarez gaixo dago minbiziarekin. Orain Parisko Le Vert epaileak agindu du atxilotzeko.

2008ko otsailaren 4a
17:08
Entzun
Frantziako Poliziak Pello Alvarez Saleta andoaindarra atxilotu du gaur goizeko seietan Hendaian (Lapurdi), bere etxean. Askatasunak jakinarazi duenez, seietan atzeman dute, eta hiruzpalau orduz aritu dira haren etxea miatzen. Efe albiste agentzik zabaldu duenez, Baionako polizia etxera eraman dute eta han daukate galdekatzeko. Iturri horren arabera, Parisko Laurence Le Vert epaileak agindu du atxiloketa, Alvarez galdekatzeko. ETAko kideei laguntza ematea leporatzen diote. Miaketan ez dute ez armarik ez agiri faltsurik aurkitu.

Iazko otsailaren 2an ere atxilotu zuten Alvarez, Ziburun (Lapurdi). Egun batzuren buruan aske utzi zuen Paueko Auzitegiak. Nolanahi ere, Espainiako Justiziak haren kontrako bilatze eta atxilotze agindua emana zuela-eta, ekainaren 29an bere kabuz aurkeztu zen Auzitegi Nazionalean. Baltasar Garzon epaileak aske utzi zuen hilean behin Baionako kontsulatuan sinatzeko baldintza jarrita.

Alvarez gaixo dago minbiziarekin, eta tratamendu gogorra jarraitu behar izaten du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.