Telebistaren alorrean eskarmentu handia zuen Sarasolak, eta ibilbide oparoa egin zuen. 1989an hasi zen ETBn, audientzia teknikari gisa. Bi urteren buruan, komunikazio arduradun izendatu zuten, eta, 1995ean, ETBko programazio zuzendari. Antena3 kateak fitxatu zuen 2005ean, eta urteotan kate horretako programazio zuzendaria izan da. Sei urte geroago, 2011n, telebista publikora itzuli zen, berriz ere. Orduan, Alberto Surio zen EITBko zuzendari nagusia, eta eduki zuzendari izendatu zuen.
ETBko zuzendari izendatu zuen Maite Iturbek duela bi urte. Eta 2014ko martxoan jakinarazi zuen Sarasolak zuzendaritza utziko zuela, "arrazoi pertsonalak" zirela medio.
Bi garai oso desberdinetan arduratu zen Sarasola ETBko programazioaz, baina, oro har, garai zailetan kudeatu zuen telebista, eta ETB1 euskarazko katearen aldeko apustua bete zuen. Saio ugari estreinatu dituzte haren agintaritzapean azken urteotan.
50 urterekin hil da, gaixotasun luze baten ondoren, bihotzekoak emanda.