"Koalizioa handituta, NaBaik 95.000 boto lortu ahal izango lituzke". Hala uste du Pello Urizar EAko idazkari nagusiak, eta esan du Nafarroa Bain ezker abertzalea biltzeko borondatea dagoela, "bai behintzat EAn". "Uste dut hori dela Nafarroako errealitatean, Nafarroako erakundeetan, aldaketa eraginkorra egiteko gakoa".
2007ko Nafarroako foru hauteskundeetan NaBaik (Aralar, EA, EAJ, Batzarre, independenteak) ia 78.000 boto eskuratu zituen, %23,6; hamabi parlamentari. Bigarren indarra izan zen -aurrena, UPN: 22 legebiltzarkide-. EAE-ANV baliogabetu egin zuen Espainiako Justiziak; hala ere, 18.000 boto baliogabe inguru batu zituen.
Ezker abertzaleak gaur azaldu du 2011ko maiatzeko hauteskundeetarako EArekin eta Aralarrekin akordioa lortzeko itxaropena duela. Biok NaBai osatzeko ituna egina dute -EAJ ere koalizioan izango da-, baina ezker abertzaleak zehaztu nahi izan du bere asmoa ez dela "NaBai haustea".
Igandean egin zien EAri eta Aralarri eskaintza, "Nafarroan aldaketa politikoa eta soziala" lortzeko asmoz, eta horretarako ezinbesteko jo "esparru ezkertiar eta abertzalea batzea". Xede hori erdiesteko, "betorik eta baldintzarik gabe" jokatu behar dela dio ezker abertzaleak. "Programa akordioa izanda lortuko litzateke Nafarroan aldaketa, ez sigla baten bidez".
Urizar EAko buruaren ustez, baina, ezker abertzalea NaBain sartzeko "gutxieneko baldintza demokratiko batzuk" adostu beharko lirateke. "ETAk 'hau amaitu da' esan behar du, zalantzarik gabe".
Aralarrek eta EAk astelehenean zioten euren apustua NaBai dela, baina jarrera irekia agertu dute ezker abertzalearekiko.
Proposamen horrekin "UPN, PP, PSN eta Nafarroako eta Espainiako gobernuak urduri" jarri direla deritzo ezker abertzaleak, eta horrek "bidea zein den erakusten" duela.
poliTIKA
Pello Urizar: "Koalizioa handituta, NaBaik 95.000 boto lortu ahal izango lituzke"
2007an ia 78.000 boto bildu zituen; ANV baliogabeak 18.000. Ezker abertzaleak esan du 2011rako Nafarroako hauteskunde akordioa lortzeko itxaropena duela; EAri eta Aralarri egindako proposamenarekin ez du "NaBai hautsi" nahi, gaur zehaztu duenez, baina "betorik eta baldintzarik gabe" jokatu behar dela dio.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu