Uda oraindik hasi ez den arren, denboraldiko lehen sute handia izan da egunotan, Nafarroako ekialdean dagoen Peña mendilerroan. Sutea ortzegunean sortu zen eta, atzo, kontrolpean zuten; baina, lerrook idazterakoan, erabat itzali gabe zegoen. Ilundu baino lehen itzaltzea espero zuten. Nolanahi ere, suhiltzaile talde bat Peñan egonen da asteburu osoan, badaezpada ere, haize bortitza baitago inguruan eta horrek sua pizten ahal du berriz.
Sutea dela eta, 340 hektarea erre dira Nafarroako zatian, eta 65 Zaragoza probintziakoan (Aragoi, Espainia). Nafarroakoari dagokionez, 340 horietatik, 100 nekazaritza lurrak dira -laboreak, batez ere-, eta gainerakoak txaradia eta baso mediterranearra dira. Baso horretan, batez ere, arteak daude; baita pinuren bat ere.
Sutea Zaragozako zatian sortu zen, ortzegunean. Ustez, uzta biltzeko makina batetik atera zen sua piztu zuen txinparta, Sofuentes udalerrian, Sos del Rey Catolico herritik gertu. Arratsaldean, Nafarroara pasatu zen sutea, Peña mendilerroaren ekialdeko hegaletik. Gauean, ekaitz idorra izan zen, haize bolada bortitzekin, eta horiek azkartu egin zuten sua. Zaragozako zatiko sua atzo goizaldean itzali zuten, eta, Nafarroakoa, erran bezala, gauerako itzaltzea espero zuten.
Udaberrian euri gutxi egin du, eta mendi larreak idor-idorra dago. Hori dela eta, Nafarroako Gobernuko Ingurumen departamentuko buru Jose Andres Burguetek, atzo, nekazariei eta hiritar guztiei eskatu zien kontuz ibiltzeko sua sor dezakeen ezerekin ari direnean.
Burguetek iragarri zuen heldu den astean onartuko dituztela suaren erabilera arautzeko neurriak, eta iazkoak bezain «murriztaileak» izanen direla.
Peñakoa itzaltzeko lanetan, Nafarroako 22 suhiltzailek hartu dute parte, Iruñeko, Zangozako, Nabaskozeko eta Tafallako parkeetakoak. Kamioi bat eta lau autoponpa erabili dituzte. Nafarroako Gobernuaren bi helikoptero eta Espainiako Ingurumen Ministerioaren hegazkin bat ere aritu dira lanean.
Peña mendilerroko suteak 340 hektarea erre ditu Nafarroan, eta aurtengo handiena izan da
Suaren kontrako udako neurriak iazkoak bezain «murrizgarriak» izanen direla iragarri du Gobernuak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu