«Etxera bueltan, Logroñotik [Espainia] Iruñera [Nafarroa] doan autobidea hartu nuen, A-12a. Nire alboan beste auto bat zihoan denbora osoan. Bi gizon barnean. Irteera batean, ateratzera behartu ninduten, nire bidean sartuz. Orduan, autoaren kontrola galdu nuen, eta hiruzpalau buelta eman, irauli ez nintzen arren». Enara Rodriguezek irailaren 28an bere neba Arkaitz Rodriguez euskal presoa kartzelan bisitatu ostean izandako gertaeraren testigantzaren hasiera da. Astelehenean, Donostiako Auzitegian salatu zuen gertaturikoa.
Atzo, Donostian Etxerat-ek egindako agerraldian, Julio Guemesek azaldu zuen errepide nagusitik irten eta autoaren kontrola galdu ostean alboan zuen autoko bi gizonak Rodriguezi autora hurbildu zitzaizkiola.
Poliziaren plaka erakutsi ziotela ziurtatu zuten; Espainiako Poliziarena iruditu omen zitzaion. Beldurtuta zegoen. Gizonezko bat autoaren aurrean jarri zitzaion, eta bestea, alboan. Autotik irteteko agindu zion azken horrek garrasika, eta bost minutu oihu artean igaro ondoren, leihatila jaistea erabaki zuen. Une horretan, eskua autoan sartu eta iletik tiraka atera zuen neska autotik. Lurrera bota gero. Hanka jarri zioten bularrean, lurretik altxa ez zedin. Bularra eta ipurdia ukitu zizkioten, eta bortxatu egingo zutela esanez mehatxatu.
Agerraldian, Guemesek gertaturikoa kontatzen zuen bitartean, behin baino gehiagotan begiratu zion Rodriguezek bere ezkerreko eskumuturrari; benda batekin estalia zuen, egun hartan izandako erredurengatik.
Etxerat-ek salatu du honelako esaldiekin mehatxatu zutela: «Hilik zinen ala ez ikusteko eta urdanga bat gutxiago al zegoen ikusteko itzuli gara», «isiltzen ez bazara eta gu iraintzeari uzten ez badiozu, gaur ospatzeko zerbait izango dugu» eta «urdanga ausarta zara, zu bortxatu ostean jarrera bera duzun ikusiko dugu».
Azkenean, bost minutu eman zizkioten alde egiteko, joko bat balitz bezala, berriro ere errepidean harrapatzen bazuten «ez zuela kontatuko» esan ondoren. Hamar minutura konturatu zen azkarregi zihoala, eta horrela jarraituz gero haiek nahi zutena lortuko zutela, hau da, bera «erailtzea» baina haien «parte hartzerik» gabe. Orduan, gasolindegi batean geratzea erabaki zuen, lasaitzeko, eta etxera itzuli zen.
Espetxe politika pairatzen
Euskal presoei salbuespeneko espetxe politika aplikatzen zaiela baina haiek ere hori jasan behar izaten dutela salatu du Etxerat-ek. Guemesek gaineratu du jada errepidean hamasei senide edo lagun hil direla, eta 2012. urtean hamabi istripu jasan dituztela. Larriena, Mikel Egibarren senideek abuztuan jasan zutena: «Egun oraindik ondorio latzak jasaten ari dira».
«Pentsatu nuen ni hiltzea zela haien helburua»
Etxerat-ek salatu du Arkaitz Rodriguez euskal presoaren arrebari Poliziak eraso egin ziola kartzelatik itzultzean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu