osasuna

Pentsiodunek aurrerantzean botikengatik ordaindu egin beharko dute

Hemezortzi mila eurotik gorako pentsioa dutenek hilean gehienez hemezortzi euro ordainduko dituzte botikengatik eta handik beherakoek gehienez zortzi. Espainiako Gobernuak gaur iragarri du neurria, erkidegoekin bilera egin ostean.

2012ko apirilaren 18a
17:42
Entzun

Orain arte ez bezala, Hego Euskal Herriko eta Espainiako Estatuko pentsiodunek aurrerantzean botikengatik ordaindu egin beharko dute, gaur Ana Mato Espainiako Gobernuko Osasun ministroak jakinarazi duenez. Erkidegoetako Osasun sailburuekin bilera egin du aurretik.

Hemezortzi mila eurotik gorako pentsioa dutenek hilean gehienez hemezortzi euro ordainduko dituzte botikengatik eta handik beherakoek gehienez zortzi euro. 

Pertsona aktiboen artean, berriz, hemezortzi mila euroko errenta baino txikiagoa dutenek orain arte bezala sendagaiaren %40 ordainduko dute; gainerakoek, erdia —gaur egun %40 ordaintzen dute—. Ehun mila eurotik gorako errenta dutenek %60 pagatuko dute —egun, %40—.

”Botiken koordainketaren helburua ez da dirua biltzea. Hori egin nahiko bagenu, errezeta bakoitzeko kobratuko genuke”, esan du Mato ministroak, eta iragarri du neurria bi hilabetetik aurrera martxan izango dela. Gobernuak etzi onartuko du asmoa, Ministroen Kontseiluaren bileran.

"Sistema bideragarri egitera"

Matok adierazi du "osasun doakoa eta unibertsalari eutsiz, sistema bideragarri egitea bermatu" nahi dutela. Zerbitzua "espainiar guztientzat" izango da, "erkidego batean edo bestean bizi”.

Funts bat sortuko dute erkidegoen mugetan bizi direnei zerbitzua bermatzeko. Errioxarekin arazoak izan dituzte Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak, eta funts horren bidez konpontzea espero dute.

Rafael Bengoa Jaurlaritzako Osasun sailburuak azaldu du neurrien %80arekin ados dagoela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.