«Agindu genuen bezala, ez dugu osasunean ordainketa partekaturik ezarri». Ana Mato Espainiako Osasun ministroaren atzoko hitzak dira, adineko pertsonak sendagaiak ordaintzen hasiko direla eta langileek sendagaien zenbatekoaren erdia ordainduko dutela jakinarazi eta gerokoak. Errentaren arabera ordainduko dituzte sendagaiak langileek nahiz erretiratuta daudenek. «Herritar guztiei doako osasun zerbitzua aukera berdintasunean bermatzea da gure helburua», adierazi du Matok.
Osasun arloan 7.000 milioi euro murrizteko asmoz hartutako neurriak aurkeztu zizkien atzo Matok erkidegoetako osasun kontseilariei. Zehaztu zuen ez dutela osasun berrordainketarik ezarriko, gobernuak ez baitu asmorik mediku kontsultengatik, ebakuntzengatik, erietxeetan gauak igarotzeagatik eta ospitaleetako janariarengatik kobratzen hasteko. Osasuneko berrordainketa ez, baina Matok aitortu du sendagaien berrordainketa zabaldu egin duela. Sendagairik ez dute ordaindu, orain arte, erretiroa hartuta daudenek; jasotzen duten pentsioaren zenbatekoa aintzat hartuta ordainduko dute. Langileek botiken %40 ordaintzen dute egun, baina %10 gehiago pagatu beharko dute. Etorkinekin ere zorrotz jokatuko du Osasun Ministerioak, «osasun turismoa galarazteko». Bihar egitekoak diren ministroen kontseiluan onartuko dute neurri sorta, eta bi hilabeteren bueltan indarrean egongo direla iragarri du Matok.
Neurriekin «%80an» ados azaldu da Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburu Rafael Bengoa. Bilera egin aurretik, murrizketak osasunean egin ordez defentsan egiteko eskatu zion Bengoak Madrili, baina, bilera ondoko agerraldian, neurri gehientsuenekin ados agertu zen sailburua. Sendagaien berrordainketaren aurka egin zuen, baina ez zuen argitu neurri hori indarrean jartzeko asmoa duen. Edonola ere, Espainiako Gobernuak erkidegoen iritzia kontuan izateko itxaropena adierazi zuen Bengoak.
Nafarroako Gobernuko Osasun kontseilari Marta Verak antzeko iritzia du murrizketez. Neurri batzuk «beste batzuk baino gustukoagoak» dituela esan du, baina argitu du derrigorrean bete beharko dituela Nafarroako Gobernuak. Verak «garrantzitsua» iritzi dio, «Espainiako egoera ikusita», gobernuak hartutako neurri sortari.
1. Berrordainketa
Sendagaiengatik ordaintzen hasiko dira pentsiodunak, eta orainbaino gehiago pagatu beharko dute langile aktiboek. Erretiratuta daudenek sendagaien prezioaren %10 ordaindu beharko dute, baina urtean 18.000 eurotik beherako pentsioa dutenek zortzi euro emango dituzte gehienez hilean. Urtean 18.000 euro baino gehiago jasotzen duten pentsiodunek, berriz, hemezortzi euro ordainduko dituzte gehienez hilean.
Sendagaien kostuaren %40 ordaintzen dute gaur-gaurkoz langile aktibo guztiek, baina %50 pagatuko dute, urtean, 18.000 eurotik gorako errenta jasotzen dutenek. Bere horretan mantenduko da %40ko berrordainketa 18.000 euro baino gutxiago jasotzen dutenentzat. Gainera, sendagaiengatik ez dute ezer ordaindu beharko langabezia saririk jasotzen ez duten langabeek. Pentsiodunen nahiz langileen kasuan, sendagaien prezioaren %60 ordainduko dute urtean 100.000 eurotik gora kobratzen dutenek.
2. Sendagaietako kaxen egokitzapena
Espainiak «gaixoen benetako beharretara» egokitu nahi du kaxa bakoitzeko botika kopurua. Gaixo kronikoek behar dituzten sendagaien kasuan, kaxa bakoitzean medikamentu gehiago sartzea proposatuko die gobernuak enpresei. Aldiz, gaixotasun arinak sendatzeko botiketan murriztu egin nahi du kaxa bakoitzeko pilula kopurua, erabili gabe geratzen direnak bota ez daitezen. Matoren esanetan, sendagai gehien kontsumitzen duen bigarren herrialdea da Espainia, eta, emandako datuen arabera, 3.700 tona sendagai zakarretara bota zituzten iaz. Berrordainketarekin eta botika kopuruak egokitzearekin 1.200 milioi euro aurreztu nahi ditu gobernuak.
3. Erosketak Madrildik
Sendagaien, teknologia tresneriaren eta abarren erosketa kudeatzeko zentro bat ezarri nahi du gobernuak. Horrela, hornitzaileekin harremanetan egoteko eta prezioak negoziatzeko autonomia kenduko die erietxe eta erkidegoetako osasun departamentuei. 1.500 milioi euro aurreztuko dituzte neurri horrekin, Matoren arabera.
4. Osasun turismoa
Beste mila milioi euro atzerritarrek Espainian jasotako osasun arretatik murriztu nahi du gobernuak. Osasun ministroaren arabera, Espainiako herritarren osasun gastuaren batez bestekoa baino handiagoa da Espainian arreta jasotzen duten atzerritarrek eragiten dutena. Mato: «Baliabideak jarri ditugu soilik osasun arreta jasotzera datozen atzerritarren gehiegikeriak amaitzeko». Horretarako, soilik osasun arreta jasotzeko bizilekuz aldatzea debekatzen duen Europako Batasuneko zuzentarau bat txertatuko dute Espainiako legerian.
5. Anbulantziak gutxitu
Osasun arretan, diagnosian, tratamenduan eta larrialdiko garraioetan murrizketarik ez duela egingo ziurtatu du Matok. Egingo ditu, ordea, «ezinbestekoak» ez diren garraioetan. Esate baterako, gutxitu egingo ditu adineko askok errehabilitazio zentroetara joateko erabiltzen dituzten anbulantziak.
6. Arreta ziurtatzeko lurralde arteko funtsa
Diru funts bat sortuko du Osasun Ministerioak, erkidegoen arteko mugetatik gertu bizi direnen arreta bermatzeko. Beste erkidego batekoak diren herritarrak artatzeagatik dirua jasoko dute erkidegoek, eta sortzekoak diren funts horretatik aterako da dirua. Matok ez du esplizituki aipatu Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak Errioxakoarekin izandako gatazka, baina gogora ekarri du «erkidegoen arteko gatazkak» izan direla hilabeteotan eta funtsari esker amaituko direla eztabaidak.
Osasuna. Espainiako Gobernuaren murrizketak
Pentsiodunek ere ordaindu beharko dituzte sendagaiak
Adinekoek zortzi edo hemezortzi euro ordainduko dituzte botiken truke; langileek, berriz, orain baino %10 gehiagoBengoa «%80an» ados da neurriekin; Verak esan du derrigorrean bete beharko dituztela
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu