Frantziako Estatuaren diru kontuen zuloa estaltzea du erreformak xede. Neurri ezberdinen bidez, 2020 urterako 7,3 miliar euro aurreztea dute kalkulaturik. Hori dela eta, azken hogeita hamar urteetan eskuinaren eskutik etortzen baldin baziren erretreta sistemari egin neurri murriztagarriak, lehen aldikoz, ezkerrak ere norabide hori hartzeko hautua eginik du.
Pentsio osoa kobratu ahal izateko kotizatu beharreko urte kopuruaren emendioa da erreformak dakarren aldaketa nagusia eta ezkerreko eragileen partetik kritikatuena. Orain arte 41,5 urte kotizatu behar baldin bazuten 1955, 1956 eta 1957ko belaunaldiek, hiru urtero hiruhilero bateko emendapena dakar testuak. Emendioa 2020ean hasi eta 2035 arte gauzatuko dute. Hori dela eta, 1973tik aitzinako belaunaldiak izanen dira erreforma erabat nozituko dutenak, 43 urtez kotizatu beharko dutelako pentsio osoa eskuratzeko. Legezko erretiro adina 62 urtean atxikitzea erabaki dute. Nicolas Sarkozyren gobernuak zuen 2010ean 60 urtetik 62ra pasarazi legezko erretiro adina eta garaian kontra mobilizatu ziren sozialistak.
Neurri horrek ez duenez berehalako diru sarrerarik ekarriko, beste aldaketa batzuk ere dira mahai gainean. Enpresek eta langileek ordaindu beharreko kotizazioen igotzeak 4,4 miliar euro ekarriko lituzke adibidez. Heldu den urtean izanen da lehen gorakada, %0,15ekoa hain zuen, eta ordutik aitzina 2017 arte, %0,05ekoa urtero. Patronalak plazaraturiko desadostasuna kontutan harturik, familia kotizazioak hein berean murriztuko dizkie gobernuak. Bestalde, inflazioa kontutan hartzeko gisan, orain arte pentsioa apirilaren 1ean berriz kalkulatzen baldin bazuten, urriaren 1era atzeratzeko asmoa dago erreforman.
Aitzinapen sozial batzuk ere ditu erreformak. Hala nola, lan dorpea duten langileentzako puntu sistema bat jarriko dute martxan eta formakuntzarako, erretiro partzialerako edota lehenago erretiratu ahal izateko balioko die. 800 milioi euroko kostua dakar horrek eta enplegatzaileei izanen da horren finantzatzea, kotizazio berri baten bidez. Patronalaren sindikatuen kexua ikusirik, Estatuak ere finantzatuko duela zehaztu zuen atzo Tourainek. Emazteen eta gizonen arteko erretreten artean den desoreka txikitzeko asmoz, neurri batzuk aurreikusirik dituzte. Adibidez, orain arte gutxieneko soldatako 200 orenekin lortzen baldin bazen hiruhileko bateko kotizazioa, oraindik aitzina, 150 orenetara jaitsiko dute maila. Hain zuzen, emazteek dituzte lan partzialak gehien pairatzen.
Neurri guztiak ez dira ordea erretretadunen alde joaten. Adibidez, orain arte pentsioa jasotzeko aktibitate nagusia baldin bazen soilik gelditu behar, 2015ko urtarriletik aitzina aktibitate guztiak dira utzi beharko.
Bozka eztabaidatsua segur
Urriaren 7an iritsiko da testua Parlamentura. Alderdi anitzen kritikak jasorik, bozketa eztabaidatsua izanen dela argi da. Eskuina da tinko kontra kokaturik, hipotesia «arrunt hauskorretan» eta «zinez arduragabeetan» oinarrituriko erreformak ezer konponduko ez duela errepikatzen duela. Ezker aldean, haatik, postura ezberdinak dira marrazturik. PRG Ezkerreko Alderdi Erradikalak sostengua erakutsi dio gobernu sozialistari eta neurri batzuk kritikatu arren, Europe Ecologiek ez du aurkako postura tinko eta gogorra planteaturik. Ezkerreko Fronteak eta Alderdi Komunistak ordea, «injustutzat» jotzen dute testua, gehituz «eskuinaren politika» dela.