Unibertsitatea

Perez Iglesiasek berretsi du ez dela berriro aurkeztuko EHUko errektore izateko

Azkeneko lau urteetako errektoreak botoen %54,6 kontra izan zuen atzoko hauteskundeetan eta %45,37 alde. Baliteke bozak urritik abendura artean egitea.

2008ko maiatzaren 23a
17:23
Entzun
Juan Ignacio Perez Iglesias ez da berriro EHUko errektore izango, berak berretsi duenez, atzo ez zuelako unibertsitateko hauteskundeetan nahikoa babes jaso. Hura zen hautagai bakarra, baina botoen %54,6 kontra izan zuen eta %45,37 alde. "Argi geratu da unibertsitate komunitatea ez dagoela ados lau urtean egin dugun lanarekin, eta hurrengo lau urteotan garatu nahi genuen proiektuarekin", zioen Perez Iglesiasek atzo gauean bertan.

Maiatzaren 30ean aurkeztuko dira behin-betiko datuak, baina ez da aldaketarik egongo. Hortik aurrera, 30 egun egongo dira hautagaitzak aurkezteko. EHUko arautegiak ez du zehazten zein izango den ondorengo egutegia, baina hauteskundeak urritik abendura bitartean egitea oso litekeena da; izan ere, prozesu hori bideratu aurretik ikasleen errolda egin behar da, matrikulazio berriak kontuan hartzeko, eta hori ez da iraila amaiera arte burutuko.

Perez Iglesiasek jarduneko errektore izaten jarraituko du hauteskunde prozesua egin arte, baina gaur dauzkan ahalmen batzuk galduko ditu.

CCOO sindikatutik hurbil dauden hainbat katedradunek ezezko botoa eskatu zuten, beste hauteskunde prozesu bat irekitzeko.

Irakasleen ordainsari osagarrien auziaz gain, hainbat fakultate eta ikastegirekiko desadostasunek ere pisu handia izan dute hauteskundeetan, azkenean. Boto ponderatuen sistemaren arabera irakasle eta ikertzaile doktore iraunkorren bozek azkeneko emaitzaren %50 balio dute; hartara, hor dago Perez Iglesiasen porrotaren gakoa: talde horren barruan aurkako 801 boto jaso zituen errektoregaiak, eta aldeko 589. Gainerako irakasle eta ikertzaileen artean, aldiz, baietzak irabazi du; aldeko 680 boto jaso zituen hautagaitzak, eta kontrako 568.

Atzo abstentzioa altua izan zitekeen susmoa zegoen, baina parte-hartzea uste baino handiagoa izan zen azkenean. Hain zuzen ere, irakasle eta ikertzaile doktore iraunkorren %82k eman zuten botoa, gainerako irakasle eta ikertzaileen %47k, eta administrazio eta zerbitzuko langileen %71k; ikasleei dagokienez, aldiz, %3ak baino ez zuen botoa eman.

IA Ikasle Abertzaleak taldeak, Bolognako prozesuaren eta «campus polizialaren» aurkako hautua egin dela uste du, eta Juan Ignacio Perez Iglesias, bozek, «merezi duen lekuan» jarri dutela. «Ondorengo hautagaitzari eskatzen diogu kontuan hartzeko ikasleriak baduela zer esana eta gure hitza aintzakotzat hartzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.