Carlos Perez-Nievas Nafarroako Hezkuntza kontseilari eta ENAI Euskararen Nafar Institutuko arduradun politiko nagusiak "zentzuzkoa eta arrazoizkoa" ikusten du Iruñerrian euskarazko irrati bat modu onartu eta ofizialean aritzea. Hala esan du Radio Euskadin Xabier Azanza ENAIko zuzendariarekin batera egin dioten elkarrizketan.
Egun, Iruñerrian badago euskara hutsez aritzen den irrati bat, Euskalerria Irratia, baina Nafarroako Gobernuak ukatu egin dion behin eta berriz legezko bermeekin jarduteko aukera emango liokeen lizentzia. Hain zuzen ere, Iruñeko eta Nafarroako euskaltzaleen eskaera bihurtu da Euskalerria Irratiak lizentzia izatea, eta Parlamentuak ere eskaerarekin bat egiten duen mozioa onartu zuen 2005ean.
Ildo horretatik, hurrengo lizentzia banaketan Iruñerrian euskarazko irrati batek jasotzea nahiko lukeela agertu du Perez-Nievasek. "Nire ustez zentzuzko da Iruñerrian -euskara ezagutzen duten eta ikasten ari den jende gehien biltzen duen eskualdea izanik- euskarazko irrati bat egotea. Arartekoak ere egin du eskara hori", adierazi du. Hala ere, zehaztu du ez zaiola zilegi iruditzen irrati horri "izen eta abizen zehatzak" jartzea, ez daukala zertan Euskalerria Irratia izan iradokiz. "Arrazoizkoa litzateke hurrengo lizentzia banaketan euskarazko irrati bat sartzea", erantsi du.
Xabier Azanza ENAIko zuzendariak, berriz, agertu du otsailean Jaurlaritzako Hizkuntz Politikarako Sailburuordetzako ordezkariekin egin zuten lehendabiziko bilera giro onean joan zela, eta lehen bilera "protokolario" hartaz gain beste "tekniko" batzuk ere egin dituztela. Zehazki, BOE Espainiako Buletin Ofiziala euskaratzeko elkarlana aztertzen ari direla azaldu du.
Hizkuntza normalizazioa
Perez-Nievas: "Zentzuzkoa da Iruñerrian euskarazko irrati bat egotea"
Hala ere, irrati horri "izen eta abizen zehatzak" jartzea arbuiatu Nafarroako Hezkuntza kontseilariak, Euskalerria Irratia zeharka aipatuz. Bestalde, Euskararen Nafar Institutuak lankidetza teknikoa hasi du Jaurlaritzarekin, bestek bestea, BOE Espainiako Buletina euskaratzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu