memoria historikoa

Perezagua batailoiko hamabi milizianoren gorpuak hobitik ateratzen hasi dira

1936ko gerrako frontean hildako soldaduak dira, elizaren inguruan lurperatu zituztenak. Aranzadi zientzia elkarteak eta Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubideen Sailak aurkitu dituzte aztarnak, herritarrek lekuaren berri eman ostean. Zigoitiko Udalak omenaldia egin die. [Berriatb]http://www.berria.info/berriatb/1737/[/Berriatb]

Berria.info
2013ko apirilaren 4a
21:35
Entzun

Perezagua batailoi komunistako hamabi milizianoren hezurrak ateratzeari ekin diote gaur eguerdian Etxaguenen, Zigoitiko herrietako batean. Aranzadi zientzia elkartearen esanetan, Araban 1936ko gerran egin zuten hobi komun handienetako bat da gaur zabaldu dutena.

Inguruan herri eta udalerri txiki asko daude, eta, herritarrek diotenez, gerran hildako asko lurperatu zituzten inguru haietan. Zehazki, Etxaguenen, elizaren aldamenean, hobi komun bat bazela aspalditik zekiten herritarrek.

Haiek izan ziren Felix Placer herriko apaizari berri eman ziotenak. Placerrek Eusko Jaurlaritzara jo zuen, eta Giza Eskubideen Saila izan zen protokoloa martxan jarri zuena. Aranzadi zientzia elkartearekin elkarlanean, halakoetan ohi duen bezala, duela hilabete inguru hasi zituzten hobi komuna bilatzeko lanak.

Lehen lanek ez zuten emaitzarik eman, baina azkenean atzeman zuten hobia; hamabi milizianoren gorpuak aurkitu dituzte bertan. Izen-deiturak ez dituzte oraindik; gorpuen DNA aztertuko dute orain, identifikatzeko. Eta zeintzuk ziren aurkituz gero, senideekin harremanetan jartzen ahaleginduko dira.

Ikerlarien esanetan, gerrako frontean hildako soldaduak dira Etxaguenen lurperatutakoak. Gurdiz ekarrita hobiratzen zituzten bertan. Uste dute hobi komunean gorpu gehiago egon zitezkeela, errepide aldera; baina inguru horretan ezinezkoa zaie ikertzen jarraitzea. Orain atera dituzten hamabi gorpuak bertan dauden guztien "sinbolo" direla nabarmendu du, ordea, Francisco Etxeberria Aranzadiko presidenteak.

Frankistek lurperatu zituzten hildakoak. Ahoz behera eta hilerritik kanpo zeudelako antzeman dute hori. Placerrek azaldu du hildakoak komunistak zirela, eta ateo gisa lurperatu zituztela. Jantziak soinean zituzten, baina ez hala oinetakoak. Objektu pertsonalak, txanponak eta, aurkitu dizkiete, gainera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.