Epaiketaren aurreneko blokea gaur amaitzea espero da San Fernando de Henaresen, Madrilen, Espainiako Auzitegi Nazionalean. Deklaratzeko gelditzen ziren auzipetuek gaur egin dute, eta bihar 110 herriko taberna eta elkartetako ordezkariak hasiko dira. Datorren ostegun eta ostiralerako ere aurreikusita daude auzi saioak.
Joseba Permachek beste auzipetu batzuek esandakoa berretsi du, alegia, Espainiako gobernu desberdinek ere bereizi egiten zituztela HB-Batasuna eta ETA. Haientzat ez zirela gauza bakarra. Joseba Permachek epaimahaiari onartu dio batasuna legez kanpo utzi ostean ere jarduera politikoan jarraitu zuela, baina inork ez ziola hori debekatu ekarri du gogora. Felix Moralesek eta orain Andres Larreak ere deklaratu dute.
HB, EH eta Batasunan egindako lan politikoagatik ETAko kide izatea edo hari laguntzea egotzita epaitzen ari dira 34 lagun. 36 auzipeturekin hasi zen epaileta, baina Jose Antonio Ejido eta Josu Iraeta auzitik aparte utzi zituzten aurretiazko gaietan, leporatzen zaizkien ustezko delituak preskribituta daudelako.