Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak. Kanpainaurrea

Pertsona ardatz hartuta krisitik ateratzea izango da EH Bilduren helburua

Kanpainan, Gipuzkoako ekitaldi nagusia larunbatean egingo dute, Atano III. pilotalekuan, 17:30ean

Oihana Elduaien Uranga.
Donostia
2012ko urriaren 4a
00:00
Entzun
Krisi ekonomikotik ahalik eta azkarrena ateratzea izango da EH Bilduren lehentasuna. Eta, horretarako, pertsona hartuko dute ardatz. Hala azaldu zuen atzo Xabier Isasi Gipuzkoako zerrendaburuak. Konponbideak eman nahi ditu koalizio abertzaleak, eta badu formula bat: kalitatezko enplegua sortu nahi dute, eta lan hori ondo banatu. Horretarako «ahaleginak eta bost» egingo dituztela hitz eman du Isasik, Marian Beitialarrangoitia, Ainhoa Beola eta Lur Etxeberriarekin emandako prentsaurrekoan.

Krisiak errudunak badituela eta errudun horiek izen abizenak dituztela ohartarazi du Gipuzkoako zerrendaburuak. Krisia «sakona» dela nabarmendu du, baina handik atera daitekeela uste du. Baliabideak egon badaudela ohartarazi du, eta haiek erabili behar direla, «betiko errezetak» alboratuta. Hala, EH Bilduk egingo lituzkeen aldaketa batzuen berrieman dute: Gipuzkoan egiten ari diren bezala zerga politika aldatzea, diru publikoa ez xahutzea, adibidez, azpiegitura erraldoietan. «Ehun produktiboari» eustea eta hura sustatzea da gakoetako bat EH Bilduren iritzian. Ikerketan, berrikuntzan, eta energia berriztagarrietan inbertituko dute.

Sufritzen ari direnek «ez daudela bakarrik» sentitzea nahi dute; eta «gehien sufritzen dutenei» laguntzeko konpromisoa hartu dute. Horretarako «berdintasuna» izango dute zutabe bat: Emakume eta gizonen arteko berdintasuna, gazteentzat eta etorkinentzat aukera berdintasuna, eta langabetuentzat eta pobrezian daudenentzat arreta. «Ez dago inor soberan. Ororen premia izango dugu hemendik ateratzeko».

Gatazka konpontzera bidean lan egiteko konpromisoa ere hartu dute EH Bilduko hautagaiek. «Zauriak ahalik eta ondoen ixten» saiatuko dira, eta eskubide nazionalak errespetatu arazteko eginahalak egingo dituzte.

Horretarako guztirako, burujabetza «ezinbestekoa» dela nabarmendu dute: «Burujabetza konponbidea da, ez arazoa». Esaten dutena egiteko konpromisoa dutela beretsi dute, eta leloetatik haratago, horixe eskaintzen dutela.

Programa aurkezteko, hauteskunde kanpainako Gipuzkoako ekitaldi nagusia larunbatean egingo dute. Atano III. pilotalekuan, 17:30ean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.