Euskal Herriko Unibertsitateko Soziologia Fakultatean Gizarte Ikerkuntzarako Teknikak landu eta irakasten ditu Ana Irene del Vallek. Familiaren inguruan hainbat lan egin ditu. Bere ustez, instituzioak bere horretan iraungo du, aldaketa handiak gertatzen ari diren arren.
Eustaten datuek familia tradizionalaren heriotza iragartzen dute?
Heriotza baino gehiago familia eredu baten gainbehera dela esango nuke. Mendebaldeko gizartean industrializazioarekin batera gertatutako aldaketa sozial, ekonomiko eta kulturalen ondorioz nagusi zen familiaren egiturarena, hau da, ezkontzaren instituzioan oinarrituta senar-emazteek eta seme-alabek osatutako familia nuklearrarena.
Eredu hori nagusi izateko joera eten egin da. Egun nor maitatu, norekin bizi, seme-alabak nola hazi eta nola hezi... eredu desberdinak aurkitzen dituzten galderak dira. Are gehiago: pertsonaren bizitzan zehar galdera horiek baten baino gehiagotan planteatuak dira; pertsona batek familia eredu desberdinak bizitzeko aukera dauka egun. Lehen eredu bat aukeratzea zen, eta hori nolabait bizi. Hori aldatu egin da orain. Familia tradizionala seguruenik ez da desagertuko, baina indargabetu egingo da.
Horri erreparatuta, ze garapen izango du familiak datozen urteotan?
Gainditu egin behar dira orain 50 urteko eskemak. Orduan behintzat familia ikurra izan zen, eskuinaren ikurra, eta oso auzi ideologikoa zegoen horren inguruan. Nik uste orain gauzak garatu egin direla beste modu batera.
Dena den, ez genuke pentsatu behar aniztasun hori gizarte modernokoa denik, iraganaz arduratu direnek ere frogatu digute era askotako familiak egon direla beti, baina garrantzitsuena hori da, aniztasun horren iturria: lehen aniztasunak kanpoko baldintzekin zerikusia zuen; gaur norberak aukeratzeko eta erabakitzeko gaitasunarekin. Apostu pertsonala bihurtu da batez ere, saiakera bat ilusioz betea, maitasunak garrantzia daukalako guretzat baina arriskuz betea ere bai. Zergatik? Aske izatea aukeratzeak arriskua dakarrelako.
Bost etxebizitzatatik batean pertsona bakarra bizi da.Bakarrik bizitzea ia porrot pertsonalaren eredua zen lehen. 'Porrot' gehiago daude orain edo sektore horrenganako presio soziala moteldu da?
Egia da preso soziala moteldu egin dela, noski, gaur askoz toleranteagoak gara. Porrota hitza gogorregia da baina, egia da, azken batean nik pentsatzen dut pertsonak bizitza arlo afektiboan ere bete nahi duela eta, lehen esan bezala, maitasuna asko baloratzen da. Baina asko baloratzen dugunez, zailtasun eta espektatiba gehiago ditugueta beldur handiagoa porrotari, eta porrotak ematen digun minari. Orduan askeago bizitzeko aukera dugunez, maitasuna ere hauskorrago bihurtu zaigu. Orduan jendea tentuz dabil pertsona batekin bizitzeko momentuan.
Guraso bakar batek eta umeren batek osatutako familiak gero eta gehiago dira.
Bai, baina gure gizartean, estatistikei begiratuta, gutxi dira, ez da asko igartzen. Zabaltzen ari da, noski. Horrek familia eredu berriarekin dagoen tolerantziari lotuta dago. Kutsu ideologiko zaharra galdu egin da. Dibortzioa leku guztietan ematen da.
Familia eredu berriak eredu patriarkalaren beherakada agertzen du, baina familiaren barruko botere harremanek segitzen dute. Nola egituratzen dira harreman horiek?
Familia harremenetan egon den aldaketak zerikusi handia dauka genero berdintasunarekin, emakumeak bere rolean izan duen aldaketarekin eta duen askatasunarekin. Nolabait gaur familietan pertsonak ditugu, pertsoak beren interesekin, espektatibekin eta norberaren bizitza eta biografia. Biografia hori aurrera eramatea eta beste baten biografiarekin elkartzea, heterosexuala edo homosexuala berdin da,eta horri seme-alabak izatea gehitzen badiogu... ba oso zailabihurtzen da.
Auzia eta tentsioa hor daude eta eredu patriarkalak behera egin du, baina kontradikzioek hor irauten dute. Norberaren lana, lan ordutegia nola moldatu, gainera, ez da norberaren arazoa; gizartea oraindik patriarkala da eta genero desberdintasuna agertzen da gizartean. Orduan familia ez da uharte bat, zuzenean nozitzen dira desberdintasun horiek sortzen dituzten kontraesanak. Eta boterea, egia da, bikoteetan-eta berdintasun pixka bat gehiago sumatzen da, baina ez nuke esango gainditu egin denik, inolaz ere, eta horrek jarraitzen du erronka bat izaten.
Estatua behar bezala erantzuten ari zaie erronka berriei?
Saiatzen ari da. Gauzak egiten hasi da, baina urrun gaude oraindik. Administrazioak plan estrategikoa egin behar du familia eta familiak gizartean daukan pisua indartzeko. Eta familia diodanean, familia zentzu zabalenean esan nahi dut.
FAMILIAREN EBOLUZIOA. ANA IRENE DEL VALLE
«Pertsona batek hainbat familia eredutan bizitzeko aukera du gaur egun»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu