LURRIKARAK ITOITZ INGURUAN

«Pertsonak falta dira»

edurne elizondo
IRUÑEA
2004ko urriaren 8a
00:00
Entzun
Nafarroako Gobernuko Herri-lan kontseilari Alvaro Mirandak irribarreari eutsi nahi izan zion Aralarko Txentxo Jimenezek hitz egiten zuen bitartean. Itoizko urtegian «pertsonak falta» direla erraten zuen bitartean. Urtegiko arduradunek segurtasunari eta lurrikarei buruz «hitzik ere ez» zutela erran azpimarratzen zuen bitartean. Eta lortu zuen denbora batez. Baina, azkenean, serio gelditu zen kontseilaria. Txintxik ere erran gabe. Aurrera begira.

Ebroko Ur Konfederazioko buru Jose Luis Alonsok bere hitzaldia amaitu bezain pronto, haren ondoan, mahaian tokia hartu zuen Aralarko bozeramaile Txentxo Jimenezek atzoko ekitaldian. Eta urtegia betetzen jarraitzen duten egunean, «Itoizko historia denek» egin dutela gogoratu zuen: «Alde eta kontra egon direnek». «Paretaren ondoan argazkia egin digute; gure jarrera argi utzi nahi nuen behintzat», azaldu zion Jimenezek berriari.Eta ez zen hitza hartzen bakarra izan. Jimenezek hutsik utzitako tokia EAko Maiorga Ramirezek bete zuen. Eta segurtasuna izan zuen hark hizpide. Lurrikaren arriskua. Bai eta Esa handitzeko proiektua dela eta auzitara eraman dituzten Espainiako Ingurumen Ministerioko arduradunak ere. «Itoitzen esku hartu ote duten argi dezatela», eskatu zuen.

Urtegiaren aldekoak, urtegiaren alde

PSNko Juan Jose Lizarbe ez zen atzean gelditu. «Pozik» agertu zen Itoitz betetzen ari delako, eta atzo ikusitako irudia 1996. urtean solidarioek kableak moztu zutenekoarekin parekatu zuen: «Itoitz egin da nafar gehienok nahi genuelako. Borondate demokratikoa nagusitu da bortitzen asmoen aurrean», erran zuen Lizarbek.

Parlamentariek, hain zuzen ere, ekintza haren oroigarri urtegiko kideek gordetzen duten kable puska ikusi ahal izan zuten atzoko bisitan, Jimenezek azaldu zuenez. «Papergaineko gisa baliatzen omen dute», gaineratu zuen EAJko Jose Luis Etxegaraik.Etxegarai ere altxatu zen, eta Mirandaren eta Alonsoren ondoan «urtegia errentagarria izanen» dela espero duela azpimarratu zuen EAJko ordezkariak, Itoitzen.Proiektuaren onurak eta abantailak nabarmendu zituzten, halaber, CDNko bozeramaile Carlos Perez Nievasek, eta UPNkoak, Carlos Garcia Adanerok. «Itoitz ez dugu aldekoek eta kontrakoek batera egin; Itoizko urtegia egin dugu, kontra zeudenak gorabehera», erran zuen CDNkoak. Erregionalistak, berriz, urtegia eraiki duten «guztien laguntza» eskertu zuen.IUN-NEBko kide Miguel Nuinek, berriz, argi utzi zuen urtegiaren eta Nafarroako ubidearen aldeko dela, baina proiektuaren kontrakoek euren jarrera azaltzeko eskubidea dutela gaineratu zuen, «bide legitimoak baliatuz egiten badute». «Ez dago zertan oposizioa kriminalizatu behar».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.