Pertsonak «merkantzia balira bezala»

Hipoteka ordaindu ezin eta etxea galtzeko arriskuan daudenen kexak Kutxaren egoitza nagusiko atarira eraman zituen atzo Stop Desahucios taldeak. Andre baten hipoteka negoziatzeko eskatu zioten Kutxari.

Kutxaren Donostiako egoitza nagusiko atariraino joan ziren atzo protestan, etxe husteak salatzeko. A. CANELLADA / ARP.
mikel p ansa
Donostia
2011ko abenduaren 31
00:00
Entzun
Aztoramendu apur bat eta buila batzuk Kutxaren Donostiako egoitza nagusiko atarian. 50 bat lagun, etxe husteen kontrako txartelekin, bankuei sentsibilitate eske; hipoteka ordaindu ezin dutenei etxea ez kentzeko exijitzen ari dira; Mari Carmen Marquez babestera etorri dira. Etxea saldu behar izan du Marquezek, eta orain haren gurasoak etxetik botatzeko agindua emana du Kutxak. Stop Desahucios Gipuzkoa plataformarekin harremanetan jarri da Marquez; burofaxez proposamen bat bidali diote Kutxari, zorra kitatzeko eskaintza bat eginez; baina Kutxak ez du erantzun, eta egoitza nagusira etorri dira, kexatzera. Ateak itxita daude, ordea. Ezin dira barrura sartu, ez manifestariak, ez eguneroko beharrengatik doazenak ere. Marquez bakarrik sartuko da barrura, plataformako kide batekin. Kutxako ordezkariekin hitz egin, eta ordu erdian kalean dira: «Oso ongi hartu gaituzte, eta proposamena aztertuko dutela esan digute». Horrela amaitu zen atzo Stop Desahucios Gipuzkoa plataformaren lehen presio ekintza.

Marquezenaz gainera, beste lau bat lagunen kasuak ari da kudeatzen Stop Desahucios Gipuzkoa plataforma. Uda partean sortu zen taldea; orain arte, hipotekak ordaindu ezin dituztenen eta bankuen arteko bitartekaritzan aritu da batik bat. Marquezen kasua muturrera iritsi da, ordea, eta Kutxa presionatzea erabaki dute; Marquezen gurasoek abenduan etxea uzteko agindua zuten.

Familiako kide baten hipoteka bere gain hartu behar izan zuen Marquezek, eta bere etxea saldu zuen zorra kitatzeko. Etxea salduta ere, 90.000 euroko zorra gelditu zitzaion Marquezi, eta interes atzeratuekin eta beste kostuekin 200.000 euroraino igo zaio zorra. Eta gurasoen etxea abal gisa zegoenez hipotekarako, bankuak galdegin du. Alokairuan bizi da orain Marquez, bere bi seme-alabekin; gurasoak, berriz, etxerik gabe gelditzeko arriskuan daude, eta ia 80 urte badituztela esan du Marquezek.

Stop Desahucios plataformako kideekin, proposamena aurkeztu zion Kutxari: bankuak har zezala gurasoen etxea ordainetan, baina utz ziezaiela gurasoei bertan bizitzen, hilean 400 euroko alokairua ordainduta. Azaroan bidalitako burofaxari ez dio erantzun Kutxak, atzo bertara joan ziren arte. «Esan didaten guztia egin dut; nik ezin dut gehiago egin». Etsita dago Marquez, eta plataformaren eta adiskideen laguntza besterik ez duela jaso azaldu du. Kutxari gauza bakarra eskatzen dio: «Etxean bizitzen uzteko, alokairuan».

«Sentsibilitaterik ez»

«Kutxa bere gizarte ekintzarengatik harrotzen da, baina egia oso bestelakoa da», adierazi zuen atzo Mikel Sanchezek, Stop Desahucios plataformako kideak. Kutxa ere «higiezinen espekulazioarekin» aberastu dela adierazi du, eta «lukurreriarengatik sortutako krisian» eragile izatea aurpegiratu dio: «Mari Carmen eta beste pertsona asko merkantzia balira bezala tratatu dituzte».

Sanchezek salatu du Kutxako ordezkariek Marquez «umiliatu» egin dutela, are «mehatxatu» ere, zorra berak ordaindu ezean seme-alabek ordainduko zutela esanez. Sanchezek kutxaren jarrera kritikatu du horregatik: «Kutxa eta halako entitateen lukurreriak sortutako krisiaren ondorioz egoera larria pairatzen ari diren gipuzkoarrekiko sentsibilitaterik ez duela argi utzi du Kutxak».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.