Pertsonen ongizatea helburu, burujabetzarako tresnak aldarrikatu ditu Mintegik

EH Bilduren lehendakarigaiak zazpi ataletan egin du bere hitzaldia, burujabetza ardatz hartuta. Denbora gehien ekonomiari eskaini dio.

Hodei Iruretagoiena
2012ko abenduaren 12a
08:07
Entzun

Eusko Legebiltzarrera zertara datozen azalduz hasi du EH Bilduren hautagai Laura Mintegik bere hitzaldia. Politikarien prestigiorik ezaz jabetzen dela onartuta, "legebiltzarraren leihoak irekitzera" datozela nabarmendu du: "Kalean ere bagaude, eta tresnak falta zaizkigu. Horiek lortzera gatoz legebiltzarrera".  

Mintegik aurreratu duenez, zazpi ataletan banatuko du bere proiektuaren azalpena, burujabetza ardatz hartuta. "Euskal Herri independiente eta sozialista da gure helburua", argitu du hasteko. Honako atalak landu ditu: erabakitze eskubidea, gatazka politikoa, egoera ekonomikoa, aukera berdintasuna, hizkuntza eta hezkuntza, parte hartzea, eta egitura administratiboa.

"Tresna demokratikoen" beharra

Erabakitzeko eskubidea izan da Mintegik jorratu duen lehen gaia. Egoera aztertzen hasita, azalpen gutxi behar duela nabarmendu du: "Erabakitzea eskubide politiko oinarrizkoa da, eta herri honi ukatu egin zaio". Testu bat idaztea baino, "adostutako tresna demokratikoak praktikan jartzea" izango da koalizio subiranistaren helburua, Mintegik zehaztu duenez. Horretarako, Euskal Herrian lortu behar da lehenik adostasuna, bere hitzetan, "komunean dugunetik abiatuta".

"Bakean bizi nahi duen herria"

Gatazkaren konponbideaz mintzatzen hasita, oroimenean, justizian eta elkarbizitzan oinarritutako bakea aldarrikatu du Mintegik: “Elkar ezagutu, ezberdina onartu, eta mingarria izan arren, gure historia hurbilari aurrez aurre begiratu behar diogu”. Bakea eraikitzeko lanean, presoek eta biktimek ere parte hartu behar dutela uste du EH Bilduren hautagaiak, eta aurreratu du xede hori duten foro eta bilkura guztietan egongo dela koalizioa.
 

Bi eremun nagusi zehaztu ditu bakegintzarako: “etxekoa”, eta kanpora begirakoa. Lehenengoan Egiaren eta Elkarbizitzaren Batzorde bat sortu beharra aldarrikatu du. Kanpora begirakoan, berriz, Euskal Herria “bakean bizi nahi duen herria” dela esatea Espainiari zein Frantziari,  “bortizkeria juridiko eta instituzionala” amaitzeko. Besteak beste, presoen etxeratzea eta biktima guziak aintzat hartzea aipatu ditu.

"Pertsonen ongizatea"

Egoera sozioekonomikoari eman dio tarterik luzeena Mintegik. Krisia “sistemikoa” dela azatzearekin batera, diru sarreren eta lehentasunen krisia dela zehaztu du, eta ez gastuen krisia. Izan ere, Mintegik salatu du defizit publikoa gutxitzera behartzen dutela Espainiatik, besteak beste, Mendekotasun Legearekin.
Pertsonen ongizatean jarri nahi du lehentasuna koalizio soberanistak, hautagaiak azaldu duenez, eta enplegua banatzea, elikadura burujabetzan sakontzea eta zerga sistema aldatzea proposatu ditu, besteak beste. Gipuzkoan Bilduk egindako aurrekontu proposamenaren adibidea jarri du, gizarte politikara inon baino gehiago bideratu dela nabarmenduz. Horiek guztiak egin ahal izateko, burujabetza aldarrikatu du alor ekonomikoan ere: "Erabakitzea biziraupen kontua da".

"Feminismoaren balioak"

Gizarteko "kolektibo ahulak" izan ditu gogoan aukera berdintasunari buru hitz egitean: etorkinak, gazteak, emakumeak... "Feminismoaren balioak hedatu nahi ditugu gizartean", esan du, eta emakumeen aurkako indarkeriari aurre egiteko politikak "medio ekonomikoz" hornitu behar direla aldarrikatu du, besteak beste.

Hezkuntza, "gizartearen oinarri"

Hezkuntza eta hizkuntza atal berean bildu ditu Mintegik. "Hezkuntza gizartearen oinarria da", esan du, eta aldarrikatu du arlo horretan de facto egiten ari diren murrizketak gelditu egin behar direla. Euskal Sistemaren Lege propioa sortzea eta Euskal Curriculuma osatzea ere proposatu du EH Bilduren hautagaiak. Gainera, datorrena "euskararen legealdia" izan behar da bere arabera, eta Euskararen Lege berri bat egin dadin bultzatuko du, "hizkuntzari garatzen utziko dion estatus berri bat emateko".

Parte hartzea, "helburu estrategiko"

Demokraziaren oinarria dela-eta, "helburu estrategikotzat" jo du Mintegik parte hartzea sustatzea. Horretarako, besteak beste, udal eta aldundien arteko sarea sortzea proposatu du, "herritarrengandik gertuen dauden erakundeak direlako". Dena den, herri erakunde eta mugimenduekin "zubiak eraikitzea" ere helburu gisa jarri du, eta baita "Herritarren Partaidetzarako Eskola" bat sortzea ere. Erakundeetan lanean dabiltzanak parte hartzearen inguruan formatzeko zeregina luke eskola berri horrek. Herri ekimen legegileak lotesle bihurtzea ere proposatu du EH Bilduren lehendakarigaak.

Politika, "jarduera dinamikoa"

Politika egiteko bestelako eredu bat aldarrikatu du bukatzeko, sarreran hasitako bidetik: "Jarduera dinamikoa bihurtu behar dugu, gardena, hurbila, eraginkorra". Bikoizketak saihesteko beharraz ere hitz egin du, eta Lurralde Historikoen Legea berrikustea proposatu du, besteak beste. Burujabetzarako "trantsitzio neurri" gisa, EAEri dagozkion eskumenak lortu behar direla ere uste du Mintegik. Horien artean, espetxe politikarena eta gizarte segurantzarena aipatu ditu.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.