Politika

Perturren desagertzeari buruzko auzia berriro zabaldu du Espainiako Auzitegi Nazionalak

Eduardo Moreno Bergaretxe ETA politiko-militarreko kidearen berririk ez dago 1976tik. Haren familiak aurkeztu du kereila.

2008ko ekainaren 27a
14:17
Entzun
Eduardo Moreno Bergaretxe Pertur ETA politiko-militarreko kidearen desagertzeari buruz auzia berriro zabaltzeko erabakia hartu du gaur Fernando Andreu Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak. Perturren familiak sartu zuen kereila, auziari buruzko datu berririk ez dago bertan baina, familiako iturriek azaldu dutenez, lehendik ezagunak ziren informazioei buruz azterketa sakonagoa egin dezaten aurkeztu dute kereila, Perturren desagertzearen erantzuleak zein izan ziren argitzeko helburuarekin.

1976an barne eztabaidan ari ziren ETA politiko militarrean, eta Otsagabia txosten eztabaidatua osatzen ari zen Pertur, Javier Garaialde Erreka-rekin batera.

Urte hartako uztailaren 23an desagertu zen Pertur. Oharra jaso zuen "duela hilabete ezagutu eta berriro ikusi nahi zaituen pertsona" baten izenean, Donibane Lohizuneko (Lapurdi) La Consolation tabernan hitzordu bat jarriz. 10:00etan zen hitzordua, baina beste pertsona ez zen agertu. 11:00etan tabernatik atera eta Pakito Mujika Garmendia eta Miguel Angel Apalategi ETAko kideak topatu zituen, eta Pausura (Lapurdi) eramateko eskatu zien. Bi horien arabera, Pausura eraman eta hantxe utzi zuten. Geroztik ez du inork ikusi Pertur, eta ezta haren berririk izan ere. Legez hilik dago 1986tik, familiak hala eskatuta.

Hura desagertu eta hiru egunera, uztailaren 26an, Triple A erakundeak hartu zuen bere gain, eta uztailaren 30ean Batallon Vasco-Español erakundeak Pertur hil izana errebindikatu zuen. Baina familiak ez zituen errebindikazio haiek sinetsi, eta sinesgarritasun handiagoa eman izan dio beste hipotesi bati: Pertur ETA politiko-militarreko Bereziak taldekoek desagerrarazi zutela. Izan ere, Mujika eta Apalategi Berezietako kideek ikusi zuten azkenengoz Pertur. Fiskaltzak bi horiek inputatzeko eskaera egin dio aste honetan Andreu epaileari.

Beste hipotesi batek indarra hartu zuen iaz, Angel Amigok zuzendutako dokumentala -El año de los demonios- plazaratzearekin batera: Italiako neofaxista talde batek bahitu zuela, Espainiako zerbitzu sekretuen enkarguz.

Hipotesi horri indarrik eman ez badio ere, bi italiarri lekuko gisa deklarazioa hartzeko ere eskatu dio Fiskaltzak Auzitegi Nazionalari: Pierluigi Concutelliri eta Carlo Cicuttiniri, hain justu. Eugenio Etxebeste Antxon eta Eleuterio Jauregi Trotsky etakide ohiak ere lekuko gisa deklaratzera deitzeko galdegin du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.