Eduardo Moreno Bergaretxe Pertur ETA politiko-militarreko buruzagi zenaren desagertzeari buruzko ikerketa artxibatzeko eskatu dio haren sendiak Fernando Andreu Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileari, aurrera egiteko aukera gehiagorik ez dagoelakoan, auzitegiko iturriek esan dutenez.
Fiskaltza ere kasua artxibatzearen alde azaldu da. Hark ere uste du epaileak egin duela egin zezakeen dena.
1976ko uztailaren 23an desagertu zen Pertur, eta haren gurasoek aurkeztutako kereila baten harira abiatu zuen ikerketa Andreuk, 2008an. Iturri juridikoek esan dute kasua itxi egingo duela.
Hiru hipotesi erabili dituzte: ETA izan zela desagerpenaren erruduna —Pakito Mujika Garmendia eta Miguel Angel Apalategi etakideek ikusi zuten azkeneko aldiz Pertur, Lapurdin—; Espainiako talde ultraeskuindar batek bahitu zuela, eta Italiako talde neofaxista batek Espainiako zerbitzu sekretuen aginduz bahitu eta desagerrarazi zuela —aukera horrek indar hartu zuen, Deabru guztien urtea Angel Amigok zuzendutako dokumentala kaleratzearekin batera—.