Gaur omenaldia egin diete Hendaian duela 30 urte GALek hil zituen Angel GurmindoStein-i eta Bixente Perurena Peru-ri. Familiaren lagunek eta herritarrek antolatu duten omenaldia Hendaiako Daniel Hugarte pilotalekuan egin da.
Egia bide, askatasuna amets izan da ekitaldiko leloa, eta han parte hartu dute, bertzeak bertze, Aitor Gorosabelek, Amets eta Maialen Arzallusek, Aire Ahizpek, Sustrai Colinak, Bide Ertzean-ek, Odei Barrosok, Xutik-ek, Mikel Markezek, eta hainbat bertsolari eta kantarik.
Ipar Euskal Herriko Sortuk ere bat egin du deialdiarekin, eta joateko deia egin die kide eta herritarrei. Sortuk azaldu duenez, gatazkaren konponbidean urratsak egin eta "etorkizuna beste era batean eraiki ahal izateko memoria kolektiboa" landu behar da.
1984ko otsailaren 8an hil zituzten biak. Bi ordu lehenago izan ziren Jendarmerian, GALeko komandoa segika zutela salatzeko. Perurenaren etxera iristear ziren biak, haren emazteak zarata arraro bat entzun zuenean, "auto bat arrankatzen bezala". Ziztu batean atarira irten, eta senarraren eta Gurmindoren gorpuak aurkitu zituen kalean. Bi gizon auto batera korrika ihesi ere ikusi zituen.