politika

‘Peru’, ‘Kattu’ eta ‘Txipi’ azkoitiarren oroitarriak kendu ditu Ertzaintzak

Jaurlaritzaren Herrizaingo Sailaren arabera, «edukiak lege xedapenak urratzen zituelako eta terrorismoaren biktimen memoriari kalte egiten zielako» kendu dituzte Jabier Larrañagaren, Ramon Oñederraren eta Jose Luis Salegiren omenezko plakak.

2010eko ekainaren 19a
17:58
Entzun
Ertzaintzak Jabier Larrañaga Peru, Ramon Oñederra Kattu eta Jose Luis Salegi Txipi azkoitiarren omenez Azkoitiko parroki ondoko lorategian jarritako oroitarriak kendu ditu, Eusko Jaurlaritzaren Herrizaingo Sailaren arabera, «edukiak lege xedapenak urratzen zituelako, eta terrorismoaren biktimen memoriari kalte egiten zielako».

Monolitoak parrokiaren ondoan zeuden jarrita, baina ez zegoen Azkoitiko Udalaren lurretan, eta ezta parrokiarenean ere. Hori frogatu ondoren kendu duela esan du Ertzaintzak. Izan ere, Dignidad y Justicia erakundeak Jose Ignacio Munilla Gipuzkoako gotzainari joan den astean eskatu zion etakideen omenezko oroitarria kentzeko, talde horren ustez, parrokiarenak ziren lurrean zegoelako. Gotzaitegiak argudiatu zuen Udalaren lurretan zeudela. Udalak, bere aldetik, ez dela eremu horren jabe jakinarazi du.

"PSOEren estrategia"

Azkoitiko Ezker Abertzalearen ustez, oroitarriak kentzea Espainiako Estatuak "proiektu politiko baten aurka martxan jarria duen estrategia orokor baten beste urrats bat gehiago da: mendeku gose dabilenaren estrategia".

PSOEren Gobernuak historia zati bat ezabatu nahi duela salatu dute: "Alde batetik gatazka honen biktima batzuk goretsi eta etengabe mimatzen dituzten bitartean, gatazka bereko beste biktima batzuei duintasunez hilda egoteko eskubidea ere ezabatu egin nahi diote".

Monolitoan omentzen zen azkoitiar bat "PSOEk berak sortutako GAL erakundeak eraila" izanik, alderdi berak oroitarria kentzeko agintzea "paradoxa" gisa definitu du ezker abertzaleak.

Bestalde, "giza eskubideez hitz egiten duten guztiei", ekintza honen aurrean haien desadostasuna agertzeko deia egin diete.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.