HILBERRIA

Pete Cenarrusa hil da

95 urte zituen Idahoko Estatu idazkari ohiak, eta AEBetan euskal kultura eta euskara sustatzen jardun zuen. Euskal politikagintzarekiko konpromisoa ere azaldu zuen, Idahoko Legebiltzarrean Euskal Herriaren autodeterminazioaren aldeko adierazpen bat sustatuta. Minbizia zuen. Bideoa: BERRIAk Cenarrusari 2009an eginiko elkarrizketa. [Youtube]http://youtu.be/oBglcvQ9yQM[/Youtube]

Cenarrusa zena. ZALDI ERO
jon olano
2013ko irailaren 30a
15:16
Entzun

Euskal jatorria zuen Pete Cenarrusak, bizkaitarrak baitzituen gurasoak: Munitibarkoa Jose Zenarruza aita, eta Gernikakoa Ramona Gardoki ama. Etxean ikasi zuen euskaraz, eta 30 urtetik gora eman zituen Idahoko (AEB) Estatu idazkari lanetan, 1967. urtetik 2003. urtera arte. Estatu horretan karguan denbora gehien eman duen agintaria izan da, eta bigarrena AEBetako historian. Alderdi Errepublikanoan jardun zuen.

Eusko Jaurlaritzarekin lankidetzan aritu zen sarri, eta euskararen eta euskal kulturaren sustatzaile izan zen Ameriketako Estatu Batuetan. Abenduaren 16an zen 96 urte egitekoa.

Hainbat aldiz izan zen Euskal Herrian; besteak beste, 1977an, Francisco Franco Espainiako diktadorea hil osteko lehen udal hauteskundeetan behatzaile lanak egiteko. 2001. urtean, Sabino Arana Fundazioaren "euskaldun unibertsal" izendapena jaso zuen, eta 2010ean, berriz, Bizkaitar Argia saria.

2003an, bere izena daraman Euskal Ikasketen Zentroa jarri zuen martxan Boiseko Unibertsitatean, eta Boiseko ikastolako sortzaile ere izan zen. Euskal politikagintzan, Euskal Herriaren autodeterminazioaren aldeko adierazpena sustatu zuen 2002an, eta 2012an, berriz, hark eta hark zuzendutako Foundation for Basque Culture elkarteak bake prozesuarekiko itxaropena azaltzen zuen adierazpen bat sustatu zuten Idahoko Estatu Gaietarako Batzordean. Bertako legebiltzarrak "goraipatu" egin zuen joan den 2011ko urrian ETAk "ekintza armatuen behin betiko etena eta terrorismoaren amaiera" iragarri izana, eta horrekin batera, Espainiako, Frantziako, Nafarroako eta EAEko gobernuei dei egin zien "euren ekintzen bidez elkarrizketa bultza dezaten euskal lurraldeetan, bake iraunkorra lortzeko".

Deia Etxe Zurira

Joseba Zulaika antropologoak Euskadi Irratian jardun du Cenarrusa zenaren inguruan. Kontatutakoen artean, esan du Burgosko prozesuan Cenarrusak Etxe Zurira deitu zuela, Richard Nixon AEBetako presidente zela, zigortuak hil ez zitzatela eskatzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.