Auzitegi Nazionala

Petrikorena espetxeratu, Barrena eta Diez bermepean aske utzi eta Zuluetarentzat neurririk ez du hartu Grande-Marlaskak

Fernando Grande-Marlaska Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak Juan Joxe Petrikorena baldintzagabe espetxeratzeko agindua eman du eta, aldiz, Rafa Diez eta Pernando Barrena bermepean aske uzteko erabakia hartu du. Bestalde, Arantza Zuluetaren abokatuaren aurka ez du neurririk hartu. Grande-Marlaskak 100.000 euroko bermea ezarri dio Rafa Diez LABeko idazkari nagusiari eta 200.000 eurokoa, berriz, Pernando Barrena Batasuneko mahaikideari.

2006ko martxoaren 16a
20:23
Entzun
Goizeko hamaika eta erdiak inguruan hasi eta arratsaldeko lauak inguru arte aritu da Grande Marlaska Rafa Diezi, Pernando Barrenari, Juan Joxe Petrikorenari eta Arantza Zuluetari deklarazioa hartzen. 19:00etan jarri die hitzordua lauei zein erabaki hartu duen jakinarazteko.

Fiskaltzak ez du inoren kontra espetxeratzerik eta bestelako badaezpadako neurririk eskatu. Bai, ordea, AVT eta Dignidad y Justicia herri akusazioek. Bi elkarte horietako abokatuek Diez, Barrena eta Petrikorena baldintza gabe kartzelako eskatu dute; ez dute halako neurririk eskatu, ordea, Zuluetaren kontra.

Atzo Askatasunako buruzagi Juan Mari Olanok deklaratu zuen, eta Fiskaltzak ez zuen haren kontrako neurririk eskatu. Bai, ordea, arestian aipatutako AVTk eta Dignidad Y Justiciak, eta, azkenean, Grande Marlaskak herri akusazioen eskaera hartu zuen aintzat: Olano Soto del Realen baldintza gabe espetxeratzeko agindu zuen, greba egunean izandako "108 delitu ekintzaren" eragile izatea egotzita.

Gaur deklaratu duten lau inputatuei laguntzera LABeko eta Batasuneko ordezkariak joan dira Madrilera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.