Artikoa babesteko ekintza gisa, piano kontzertua izotz artean. Hala egin du Ludovico Einaudi musikari eta konposatzaile italiarrak, Greenpeace elkartearen ekimenez. Propio une horretarako konposatutako abestia jo zuen, gainera: Elegy for the Arctic. Irudi ikusgarriak oihartzun handia izan du.
"Hemen egotea esperientzia izugarria izan da", adierazi du Einaudik: "Garrantzitsua da ulertzea Artikoaren garrantzia, bere suntsipen prozesua etetea eta babestea".
Izan ere, ostiralera bitartean biltzen ari da OSPAR batzordea, Ozeano Artikoko uren babes eremu bat sortzearen inguruan erabakiak hartzeko. "Ia zortzi milioi lagunek Artikoa santutegi izendatzea eskatu badute ere, Greenpeacek kezkaz bizi du OSPARek Norvegia, Danimarka eta Islandiaren presioei men egiteko aukera", azaldu du elkarteak.