Pili Zabala: "Hainbeste jende haritik tiraka ikusteak animatu egiten zaitu, eta lasaitu"

GALi buruzko multimedia gunea aurkeztu du BERRIAk, eta ekitaldian izan da Pili Zabala, Joxi Zabalaren arreba. "Oraindik familiakoren bat desagertua" dutenak gogoratu ditu.   Bideoa: Aurkezpen ekitaldian gonbidatuekin izandako solasaldia [berriatb]http://www.berria.info/berriatb/1941/[/berriatb]

2013ko urriaren 15a
07:43
Entzun

Lasa eta Zabala bahitu zituztela 30 urte bete direla gogoratuz, BERRIAk GALi buruzko multimedia gunearen aurkezpen ekitaldia egin du. Ekitaldia Andoaingo Martin Ugalde kultur parkean izan da, eta, besteak beste, Martxelo Otamendi BERRIAko zuzendariak eta Pili Zabala Joxi Zabalaren arrebak parte hartu dute. 

Multimedia gunea osatzeko egindako “bilketa lana eta sortze prozesua” nabarmendu du BERRIAko zuzendari Martxelo Otamendik; guztira BERRIAko 40 laguneko lantalde batek hartu du parte proiektuan. Otamendik eskerrak eman nahi izan dizkie lanean parte hartu duten guztiei: abokatuei, biktimen senideei, auzi medikuei, eta kazetariei, besteak beste. Eskerreko hitzak izan ditu BERRIAren eskuetan material "ikusgarria" utzi dutenentzat ere, eta Daniel Velez argazkilariak lagatako argazki-sorta aipatu du. "Garai hartako dokumentu grafiko ikaragarria da, nahiz eta irudiak gogorrak diren", azaldu du Otamendik.

BERRIA.INFOko arduradun Jon Ordoñezek ere proiektuan parte hartu duten guztien garrantzia nabarmendu du: "Jaso dugun informazioa oso zabala izan da, eta horri esker emaitza gisa lan oso interesgarria dugu". Eider Goenaga kazetaria izan da webgunearen nabigazioa azaltzeko arduraduna. Gunearen atalak deskribatu ditu banan-banan, eta biktimen soslaiak osatzeko senideen parte hartzea beharrezkoa izan dela azaldu du, nahiz eta "tamalez ez den posible izan senide guztiekin harremanetan jartzea". Atentatu asko argitzeko ikerketa kazetaritzak izan duen pisua ere aldarrikatu du Goenagak, eta BERRIAk Daniel Velez, Ricardo Arques, Paddy Woodworth, Joxe Felix Azurmendi eta Antonio Rubiori egindako elkarrizketak biltzen dituen atala erakutsi du. 

Jendaurreko ekitaldia bukatu aurretik, Pili Zabala Joxi Zabalaren arrebak hitz egin du, eta "oraindik ere senideren bat desagertua" dutenei animoak eman dizkie. "Irudi mingarri hauek ikusita, berriro datozkit momentu haiek, eta oroitzapen ezabaezinak agertzen zaizkit berriz bata bestearen atzetik", azaldu du Pili Zabalak hunkituta, eta asko kosta bazaio ere, gaur egun gaiaz gehiago hitz egiten dutela aitortu du: "Aita, ama, Juan Mari, Mari, Edur, Jox... orain gehiago hitz egiten dugu, hainbeste urtean gordeak izan ditugun malkoak azalera badatozkigu ere, ez da ezer gertatzen. Tarteka ondo dago negar egitea. Badakizue asko maite zaituztedala". "Hainbeste jende haritik tiraka ikusteak animatu egiten zaitu, eta lasaitu", nabarmendu du. 

BERRIAren GALi buruzko multimedia gunea joan den ostegunean sareratu zen, GALi buruzko informazio osatua euskaraz eskaintzeko asmoarekin. BERRIAko 40 laguneko lan talde batek hartu du parte, tartean, kazetariak, Euskara saileko kideak, bideogileak, dokumentazio eta produkzio sailekoak eta webguneko teknikariak. Hain zuzen, azken horiek ordenagailuko pantailarako diseinua egiteaz gain, tabletarako eta sakelako telefonoetarako ere egokitu dute, nabigazioa eta irakurketa erraztuz.

Eduki multimediak

BERRIAk multimedia ereduaren alde egin du GALi buruzko gune berezia egiterakoan, eta testuekin batera, hainbat protagonistari egindako elkarrizketen bideoak ere ikus daitezke. Tartean dira Francisco Etxeberria auzi medikua, Juan Carlos Oliva Gallastegi GALeko biktima, Daniel Velez argazkilaria, Txema Montero abokatua, Jose Felix Azurmendi Egin-eko zuzendari ohia, Antonio Rubio kazetaria, Jakes Bortairu Oroit eta Salako kidea... Ricardo Arques eta Paddy Woodworth kazetarien elkarrizketak ere irakurgai daude.

BERRIAko kazetariek, gainera, GALek hil zituzten 27 lagunen soslaiak osatu dituzte, horien senide eta lagunekin hitz eginda. Atentatuak, baina, horiek baino gehiago izan ziren, berrogei inguru, eta horien fitxak daude ikusgai webgunean, atentatuak gertatu zireneko maparekin batera. Multimedi gunearen azken atalean GALek izan zituen ondorioak aztertu dituzte Martxelo Otamendi BERRIAko zuzendariak eta Iñaki Petxarroman zuzendariordeak, nola hasi zen Frantzia errefuxiatuak atxilotzen eta Espainiaratzen.

Erreferentziazko gunea izateko bokazioa

Horrez gain, 1983tik 1987rako kontakizunean eta prozesu judizialari dagokion ataletan hainbat agiri eta orduko egunkarietako hainbat orrialde irakur daitezke, Berria Telebistako bideogileek euskaraz azpidatzi dituzten beste bideo batzuekin batera. Datozen egunetan eduki gehiago ere izango dira, multimedia gunearen helburua GALekin gertatu zena osatu eta euskaraz eskura izatea baita. "GAL 30 urte multimedia-k gure herriak, azken hamarkadotan, bizi izan duen garairik ilunenetako baten kronika izan nahi du", dio Otamendik hitzaurrean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.