Pili Zabala izango da Ahal Dugu-ren lehendakarigaia irailaren 25ean egingo diren Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan. Nagua Alba buru duen zuzendaritzaren hautagaia da Zabala. 2.167 boto jaso ditu (%52,09), eta 937 botoren aldea atera dio sektore kritikoaren hautagai Juan Luis Uriari. 1.230 boto jaso ditu Uriak (%29,57). Antikapitalisten zerrendako Ruben Belandia izan da hirugarrena (662 boto).
Lehendakarigaiarekin batera, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako zerrendetako kideak aukeratu dituzte. 74 hautagaietatik 51 dira zuzendaritzaren ildokoak, 22 sektore kritikoarenak eta bakarra antikapitalisten zerrendakoa.
Denera, 4.208 lagunek parte hartu dute lehendakarigaia eta zerrendako kideak aukeratzeko primarioetan. Prozesuan parte hartzeko, webgune batean erregistratu beharra zegoen. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan izena emandakoen %25,67k eman dute botoa, eta azken urtean webgune horretan abian jarri diren prozesu parte hartzaileetan gutxienez behin parte hartu dutenen %40,08k.
Parte hartze datuok azpimarratu dituzte Pablo Echenique Podemoseko antolakuntza idazkariak eta Nagua Alba EAEko Ahal Dugu-ren idazkari nagusiak. Inoizko "onenak" izan dira "prozesu autonomiko batzuetan", azaldu du Echeniquek.
Albak, berriz, azpimarratu du beraientzat "ohore" bat dela Zabalaren gisako pertsona "baliotsu" batek lehendakarigai izateko proposamena onartu izana. "Zerrenda aberatsa eta askotarikoa" osatu dutela nabarmendu du, halaber.
Ezker Anitzarekin eta Equorekin batera koalizioa osatzeari buruz, Albak azaldu du beren asmoa dela alderdi bakoitzarekin aurreakordio bat egitea eta horiei buruz galdetzea Ahal Dugu-ko kideei.