Arkaitz Rodriguez euskal presoaren arreba Enarak lehengo astean salatu zuen hari Logroñoko kartzelan (Espainia) bisita egin ostean autoan bueltan zetorrela polizien eraso bat jaso zuela, eta gaur Pilotariak kolektiboak horri buruzko protesta ekimena egin du Bilbon, Espainiako Gobernuaren Ordezkaritzara ehunka pilota botata. "Enara Rodriguez hiltzeko saioa dela-eta" egin du ekimena.
Goizeko hamaiketan pilotariz jantzitako hamar ekintzaile eraikinaren aurrean jarri dira eta, palak eta zestak erabiliz, pilotak jaurtitzen hasi dira, Ordezkaritzan ziren poliziek geldiarazi dituzten arte.
"Espainiako Gobernuaren jarrera krudela salatzen dugu, presoen sakabanaketari eta asteburuetako erruleta errusiarrari amaiera ez emateaz gainera, indar parapolizialak bidaltzen baititu euskal preso politikoen senitartekoak jazartzera eta hiltzen saiatzera, Enara Rodriguezen kasuan gertatu den bezala", esan du kolektiboak. "Sakabanaketak izen-deiturak ditu. Eta kalera atera behar dugu izugarrikeria hau geldiarazteko. Euskal preso politikoen senideak ezin ditugu bakarrik utzi, gure elkartasuna eta babes osoa behar baitute".
Gaurkoa bezalako ekimenen bidez, Espainiako Gobernuaren teilatuan presoen pilota jartzen jarraituko duela hitz eman du kolektiboak. "Bizi osorako zigorraren aplikazioaren aurrean, larri gaixo dauden presoen egoeraren aurrean edo sakabanaketa politikaren aurrean sumindura erakutsi nahi duen herritar orori aktibismoa eta desobedientzia zibilaren bidetik erantzutera dei egiten diogu".
Irailaren hasieran antzeko ekimena egin zuten Estrasburgon, Europako Giza Eskubideen Auzitegian.
[YouTube]http://youtu.be/1saZhpasPC8[/YouTube]