Pilotakada bat jaso zuela frogatzeko bideoak aurkeztu ditu Nafarratek

Xuban Nafarrate gazteak Ertzaintzaren aurkako salaketa jarri du Gasteizko Instrukzio epaitegian

Xuban Nafarrateren aldeko elkarretaratze bat, Gasteizen. JUANAN RUIZ / ARP.
Erredakzioa
Gasteiz
2012ko apirilaren 20a
00:00
Entzun
Joan den martxoaren 29an, lan erreformaren aurkako greba egunean, ertzainek jaurtiriko gomazko pilota batek buruan jo zuela frogatzeko, bi bideo aurkeztu ditu Xuban Nafarrate gazteak Gasteizko epaitegian, Efe albiste agentziak jakitera eman duenez. Zenbait auzokidek grabatu zituzten bideoak, eta horietan ikus daiteke pilotakada baten ondoriozlurrera erori zela Nafarrate. Hala, Eusko Jaurlaritzaren Herrizaingo sailaren bertsio ofiziala ezeztatzen dute irudi horiek.

Herrizaingo Sailak dioenez, Nafarrate, beste zenbait lagun batzuekin batera, edukiontziak gurutzatzen ari zen, ertzainengandik ihesi zihoala lurrera erori egin zen, eta espaloi ertz bat jo eta kolpea hartu zuen. Haatik, bideoetako irudietan ikus daitekeenez,ertzain bati ihesi ari zitzaiola kale bat gurutzatu zuen gazteak; pareko espaloira iristerakoan, pilotakada baten hotsa entzuten da, eta segituan lurrera zerraldo erortzen da. 19 urteko gaztea Zainketa Intentsiboetako Unitatera eraman behar izan zuten egun horretan, eta sei egun igaro zituen ospitalean. Izan ere, Nafarratek kolpe gogorra jaso zuen buruan, ezkerreko aldeko hezur parietalean, belarriaren ondoan.

Martxoaren 29ko goizean gertatutakoa xehe azaldu du gazteak, Gasteizko Instrukzio epaitegian Ertzaintzaren aurka aurkeztu duen salaketan. Lekukoen etaosasun zerbitzuetako langileen adierazpenak ere jaso ditu. Salaketak dioenez, gaztea greba egunean beste lagun batzuekin zegoen Ekialde institutuan, Juan XIII.a kalean, ertzainak agertu ziren arte. «Jotzeko asmoa zuen» ertzain bat jarraitzen hasi zitzaion gazteari, eta, horrek lasterketari ekin zionean, «metro gutxira zegoen beste ertzain baten» pilotakada jaso zuen buruan. Salaketaren arabera, Nafarratek hamabost minutu egin zituen lurrean, espasmoekin eta konbultsioekin, anbulantzia iritsi aurretik.

Konortea ia galduta zuela lurrean zegoenean, ertzainek kolpatu egin zutela eta alboko hormaren kontra bultzatu zutela dio salaketan; ostean, gazteak erabat galdu zuela konortea. Salaketan dio konorterik gabe zegoela gainean txiza egin zuela gazteak, eta ertzain batek iseka egin eta ahoan pegatina bat jarri ziola.

Rodolfo Ares Herrizaingo sailburuak, ostera, bertsio ofizialari tinko eutsi egin dio orain arte , eta esan du faltsuak direla gaztearen eta lekukoen testigantzak. Aresek azalpenak emango ditu asteartean, Eusko Legebiltzarrean: eta Joseba Nafarratek, gaztearen aitak, berriz, maiatzaren 9an.

Cabacasi babesa

Bestalde, gazte independentistek Iñigo Cabacasen heriotza salatu eta Ertzaintzaren jokabidea gaitzetsi dute. «Erailketatzat» jo dute gaztearen heriotza, eta Ares egin dute erantzule. Halaber, bihar Bilbon deitutako manifestaziora joateko deia egin dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.