Hezkuntza legeari buruzko eztabaida mahai gainean dagoela, Ikastolen Elkarteak jakinarazi du bart pintaketak egin dituztela Villabonako eta Zizurkilgo Zubimusu ikastolan. Eskola kontzertatua segregazionalista leloa margotu dute ate batean.
Salaketa faltsua dela nabarmendu du Ikastolen Elkarteak, eta pintaketa salatu du. "Zenbait sektoreren aldetik ikastolen aurka erabiltzen ari diren gezurrezko salaketen kanpainarekin lotzen dugu Zubimusu ikastolak jasan duen erasoa". Azaldu dutenez, "kanpaina deitoragarri hori" areagotu egin da EAEko hezkuntza legeari buruzko eztabaida zabaldu denean.
Bide hori alboratzeko deia egin du Ikastolen Elkarteak. "Exijitzen dugu gaur bertatik hasita kanpaina hori amaitzeko. Ikastolok gure eredua garatzen, hobetzen eta eraldatzen dihardugu, eta defendatzen, noski. Baina ez dugu beste inoren ereduaren aurka jotzen"
Nabarmendu du ikastolen helburua "gizartea eraldatzea" dela, "gizarte justuago, parekideago, euskaldunago eta zoriontsuago bat eraikitzea". Gizartea hobetzea, finean. "Guk ezagutu duguna baino Euskal Herri hobe batean bizi daitezen lortzea".